Erorikoak saihesteko lau orduko tailerra antolatu da azaroaren 24 eta 26rako
65 urtetik gorakoen artean erorikoak izan ohi dira lesio eragile nagusiak EAEn. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako hiru pertsonetatik bat; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. Erorikoak bigarren heriotza kausa dira gurean, erorikoen ondorioz sortzen diren lesioak eraginda. Eta Euskadin kontabilizatzen diren istripuen % 92a, erorketa istripuak dira. Arazoaren garrantzia kontutan hartuta, erorikoak saihesteko tailer teoriko-praktikoak antolatu ohi ditu Udalak, osasun arduradunekin batera, urtean birritan; martxo hasieran egin zen lehena eta azaroaren 24 eta 26 artean egingo da bigarrena.
Erorikoak saihesteko tailerra pertsona nagusiei zuzenduta dago. Tailerra Zubikoa kiroldegian izango da eta bi saio teoriko-praktiko egingo dira, azaroaren 24an eta 26an, 16:00etatik 18:00etara. Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: erorikoak zergatik gertatzen diren eta zer egin daitekeen aurre hartu edo prebenitzeko; ohitura osasungarriak izan eta ariketa fisikoa egitearen garrantzia eta eskuragarri dauden laguntza teknikoak, telelaguntza, esaterako. Ariketa praktikoak ere egingo dira nola erori eta erori ondoren nola jaiki ikasteko.
Erorikoak saihesteko lau orduko tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da osasun-zentroan edo bertara telefonoz deituta: 943 03 54 30 zenbakira. Tailerra doan da baina plazak mugatuak dira eta 15 lagunek egin ahal izango dute. Aurretik egin diren era honetako tailerretan, taldeak oso azkar bete direla kontutan hartuta, izena lehenbailehen ematea komeni da.
Hainbat erakundek bat egin dute erorketen prebentziorako tailer honen antolakuntzan: Udalak, POZ ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzuak, osasun zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta betiON telelaguntza zerbitzuak. Helburua, ahal den neurrian, erorikoen kopurua gutxitzea da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!