ONEKOk autokontsumora bideratutako instalazio fotovoltaikoa jarriko du Eltziako teilatuan
Interesa duten herritar guztiei zuzendutako aurkezpena izango da; informazioa elkarbanatu eta parte hartu nahiko luketen bazkide berriak egitea da helburua. ONEKOk Oñatiko Energia Komunitateak landu duen lehen proiektua instalazio fotovoltaiko bat izango da. Autokontsumo kolektibora bideratutako instalazioak 100 kW-ko potentzia izango du eta Eltziako teilatuaren zati batean jarriko diren 180 panelez osatuko da. Proiektuaren parte izango diren bazkideek eguzki orduetan sortutako energia autokontsumituko dute, eta ondorioz, saretik hartutako argindarra gutxiago izango da. Honela, argindarraren faktura murrizteaz gain, etxeko energia elektrikoaren gaineko kontrol eta kontzientzia handiagoa izatea lortu nahi da.
Kultur Etxean bihar egingo den aurkezpen publikora doazen herritarrek, bazkide izan edo ez, informazio osoa eskuratuko dute. Instalazioaren nondik norakoak, beste esperientzia batzuetan oinarriturik egin diren kalkuluak, jaso ahal izango diren dirulaguntzak eta bestelako kontuak azalduko dira. Era berean, kooperatibako parte izan nahi duen orori, informazio osagarria eta laguntza eskainiko zaizkio. Proiektuari eta bazkidetzari dagokien informazioa ONEKOren web atarian (www.oneko.eus) argitaratuko da aurkezpenaren biharamunean, uztailaren 9an.
ONEKO kooperatiba 50 bazkidek baino gehiagok osatzen dute egun baina handitzeko asmoa dago; Energia Komunitatearen lehen proiektuan parte hartu nahi dutenek bazkide egin beharko dute. Horri buruzko xehetasunak ere emango dira biharko aurkezpen saioan. Ekitaldia euskaraz izango da baina aldibereko itzulpena egongo da, gaztelerara. ONEKOren lehen proiektuaren aurkezpen irekia Kultur Etxean izango da, bihar, 19:00etan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!