Oñatiko udala

Oñatin kokatzen diren 11 aztarnategi euskal kultura ondarearen zerrenda orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman dio Eusko Jaurlaritzak

2015/05/27
Card image cap
Oñatikoak ez ezik, Gipuzkoako haitzulo-aztarnategiak jasoko dira.

  Gipuzkoako lurralde historikoan dauden haitzulo-aztarnategiak dira kultura ondarearen zerrenda orokorrean jasoko direnak, Kultura Ondarearen Zuzendariak Udalari jakinarazi dionez. Gipuzkoako haitzulo-aztarnategiei monumentu multzo kategoria emango zaie. Konkretuki, 103 aztarnategi monumentu multzo gisa kalifikatzea aurre ikusten da. Horietatik 11 Oñatin kokatzen dira: Aitzabal 33, Aizkirri, Arrikrutz, Kobaillun, Madinakozubieta, Otalora I, Potorrosin VI eta VII, San Elias; Txomenkoba Erdikua eta Urtaopotolueta.

  Monumentu multzoa diogunean, aztarnategia bera eta inguruaz ari gara. Hala, eremu bakoitzeko jarduerak mugatzea aurre ikusten da beti ere, eremuak duen balioa babeste aldera.

  Haitzulo-aztarnategiak monumentu-multzo kategoriarekin inbentariatutako ondasun modura jaso beharko dira planeamendu tresnetako kultur ondarearen katalogoan. Erabilera eta jarduerei buruz, aztarnategietan ikerketa eta kontserbazioa sustatzeko jarduerak soilik egin ahal izango dira. Irizpide nagusia, aztarnategietan gordetzen diren hondakin eta mailen egoera alda dezaketen giza jarduerak ahalik eta gehien murriztea da. Ondorioz, haitzuloaren barruan eskalada eta kanpaldia egitea, haitzuloa okupatzea edo bertan bizitzea debekatzen da. Aztarnategien inguruan berriz, bertako ondasunen kontserbazioa arriskuan jar dezaketen jarduera guztiak debekatzen dira eta kultur jarduerekin zerikusia duten erabilerak sustatuko dira.

  Aipatutako guztia, kultura, gazteria eta kiroletako sailburuordeak izenpetu duen ebazpenean jaso dira. Baina ebazpena behin betiko izaeraz indarrean sartu bitarteko tramitazioa hasi besterik ez da egin. Kultura, gazteria eta kiroletako sailburuordearen ebazpena Euskal Herriko aldizkarian argitaratuko da eta 20 eguneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko. Horren aurretik ordea, Udalari, afektatutako parte den aldetik, egitasmoaren berri eman zaio dagozkion neurriak hartu ditzan. Gaia, legealdiko azken Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu zen eta interesa izan dezaketen herriko eragileei, honen berri ematea erabaki zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!