Oñatiko udala

Eraikinen mantenuko arduradun plazarako onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu dira

2025/11/04
Card image cap
Hautaketa prozesua zuzenduko duen epaimahai kalifikatzailearen berri ere eman da

  10 lagun aurkeztu ziren udalak bete nahi duen eraikinen mantenuko arduradun plazara eta onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda argitaratu zen atzo, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Hautaketa prozesura 9 lagun onartu dira, beste bat kanpoan utzi da, azterketa eskubiderako tasa epez kanpo ordaintzeagatik. Lanposturako eskatu zen 3. Hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu den ala ez zehaztu da baita ere onartutakoen zerrendan; 6 hautagaik dagokien egiaztagiria badute. Baina zerrendak behin behinekoak dira, esan bezala, eta erreklamazioak egiteko 10 laneguneko epea dago, gaurtik hasita. Hautaketa prozesua zuzenduko duen epaimahai kalifikatzailea osatuko duten kideen berri zehatza ere argitaratu da iragarki berean.

  2024ko enplegu publikoaren eskaintzan jaso zuen udalak eraikinen mantenuko arduradun plaza hau. Hautagaiek hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte oposizio fasean: azterketa teorikoa, praktikoa eta gaitasun eta nortasun probak, eta euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarari dagokiona ere bai. Lehiaketa fasean, berriz, lan esperientzia eta prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak baloratuko dira.

  Udal eraikin eta lokalen mantentze prebentibo eta zuzentzaileko lanak antolatu eta kontrolatzea izango da langile berriaren zeregin nagusia; egin beharreko mantentze lanen planifikazioa zehaztu, jarduketak prestatu, beharrezko materialak eskatzeaz arduratu, lan parteak idatzi eta, beharrezkoa denean, larrialdiei erantzun beharko die, besteak beste. Horretarako, bere ardurapean dituen langileen lanak antolatu, kontrolatu eta gainbegiratu beharko ditu, unitateari buruzko mantentze-kontratuen preskripzio teknikoen agiriak egiten lagundu beharko du eta unitateari buruzko erreklamazioei, ondare-kalteei, azpiegitura edo instalazioetan egindako hobekuntzei eta erosketa berriei buruzko txostenak osatu beharko ditu. Gainera, askotariko lanbideetako eginkizunak bete, eta erabilitako material eta tresnen antolamendu eta erabilera egokiaz arduratu beharko du, erosteko proposamenak egitearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!