Oñatin ikasitako 87 gaztek unibertsitatera sartzeko hautaprobak izango dituzte bihartik aurrera
Iazko bidearen haritik, unibertsitatera sartzeko hautaprobetako lehen deialdi honetan azterketak asteartetik ostegunera luzatuko dira eta, nobedadea, Oñatiko ikasle guztiek, hiru ikastetxetakoek, epai-mahai berean egingo dutela proba, Eibarko ingeniaritza eskolan kokatuko den 33. epaimahaian. Azterketa eredua konpetentzietan oinarrituko da, aurten ere, eta ariketetarako galdegaiak orokorragoak izango dira, denetik gehiago ikasi behar da, eta zuzenketa irizpideak zorroztu dira, eta akats ortografikoak, adibidez, gehiago zigortuko dira.
13.066 ikaslek egingo dute unibertsitatera sartzeko proba EHUn lehen deialdi honetan eta horietatako 87 oñatiarrak dira: 51 Txantxiku ikastolakoak dira, 9 Elkar Hezikoak eta 27 Oñati institutukoak. Guztiek, bihar 8:30tarako dagokien aretoan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta matrikularen gordekinarekin. Aurreko urteetan bezala, ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost dira: euskara, ingelesa, gaztelera, matematika eta Espainiako historia edo filosofiaren historia, aukeran. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota hobetzeko.
Oñatiko ikasleek Eibarrera joan-etorria egin dezaten bi autobus antolatu dira, bat ikastolakoentzat eta bestea, institutu eta Elkar Hezikoentzat. Ikastolakoena Enpresagintza fakultate aurrealdetik irtengo da, bihar, 7:30etan eta hurrengo bi egunetan, 8:00etan. Institutuko eta Elkar Heziko ikasleen autobusa, berriz, postetxe aurrealdetik abiatuko da, 7:00etan bihar eta 7:45etan asteazken eta ostegunean. Itzultzeko ere autobusa izango dute, eguerdian eta arratsaldean, batzuek zein besteek. Unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketak ostegun eguerdian amaituko dira.
Ekaineko deialdira aurkezten direnen gehiengo zabalak proba gainditzen du. Dena den, ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, ekainaren 30ean eta uztailaren 1 eta 2an izango du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!