Oñatin ikasitako 79 gaztek unibertsitatera sartzeko hautaprobak izango dituzte bihartik aurrera

Berrikuntzekin datoz aurten unibertsitatera sartzeko hautaprobak. Egun batez aurreratu eta asteartetik ostegunera luzatuko dira, orain ekainean eta baita uztaileko hurrengo deialdian ere. Epaimahai berri bat eratu da Elgoibarren eta Txantxiku ikastola eta Oñati institutukoek Elgoibarko ingeniaritza dualeko eskolan egingo dituzte probak eta Elkar Hezikoek Eibarko ingeniaritza eskolan. Eta aldaketa nagusia, azterketa ereduari dagokio. Konpetentzietan oinarritutako proba izango da aurrerantzean; ariketetarako galdegaiak orokorragoak izango dira, denetik gehiago ikasi behar da, eta zuzenketa irizpideak zorroztu egingo dira, eta akats ortografikoak, adibidez, gehiago zigortuko dira.
Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak 79 dira guztira: 40 Txantxiku ikastolakoak dira, 18 Elkar Hezikoak eta 21 Oñati institutukoak. Guztiek, bihar 8:30tarako dagokien aretoan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin. Aurreko urteetan bezala, ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost dira: euskara, ingelesa, gaztelera, matematika eta Espainiako historia edo filosofiaren historia, aukeran. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota hobetzeko.
Oñatiko ikasleek Eibar eta Elgoibarrera joan-etorria egin dezaten bi autobus antolatu dira, bat ikastolakoentzat eta bestea, institutu eta Elkar Hezikoentzat. Ikastolakoena Enpresagintza fakultate aurrealdetik irtengo da, bihar, 7:15etan eta hurrengo bi egunetan, 8:00etan. Institutuko eta Elkar Heziko ikasleen autobusa, berriz, postetxe aurrealdetik abiatuko da, ordu laurden lehenago, bi herrietara sartu beharko baitu ikasleak uztera. Itzultzeko ere autobusa izango dute, batzuek zein besteek. Unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketak ostegun eguerdian amaituko dira.
Ekaineko deialdira aurkezten direnen gehiengo zabalak proba gainditzen du. Dena den, ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 1, 2 eta 3an izango du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!