Oñatin ikasi duten 7 gaztek asteartean hasiko dute unibertsitatera sartzeko ebaluazioa

Azterketa egunen aurreko orduak urduritasun orduak izan ohi dira, etorkizuneko ikasketak egun on edo txar baten menpe dagoenaren sentsazioak sortzen duen urduritasuna. Gehienek ordea, proba gainditzen dute. Baina uztaileko ez ohiko deialdian aprobatzen ez duenak, hurrengo urtera arte itxaron behar du eta horrek ere, presioa sartzen du.
Oñatiko ikasle guztiek, 79k, gainditu zuen proba, ekainean. Ez ohiko uztaileko deialdian, berriz, 7k egingo dute unibertsitatera sartzeko ebaluazio azterketa, Oñati institutuko lauk eta Txantxiku ikastolako hiruk. Asteburuan argitaratuko dira esleitu diren epaimahaiak baina Oñatikoek Donostiara joan beharko dutela pentsatzen da, normalean halaxe izaten delako uztaileko deialdian. Oraingoan ez da autobusik antolatu eta ikasle bakoitzak bere kabuz iritsi beharko da azterketa lekura. Asteartean, 8:30tarako dagokien aretoan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.
Berrikuntzekin etorri da aurten unibertsitatera sartzeko hautaproba, ekainean aipatu bezala. Egun batez aurreratu eta asteartetik ostegunera luzatuko dira, baina aldaketa nagusia, azterketa ereduan dago. Konpetentzietan oinarritutako proba izango da aurrerantzean; ariketetarako galdegaiak orokorragoak izango dira, denetik gehiago ikasi behar da, eta zuzenketa irizpideak zorroztu egingo dira, eta akats ortografikoak, adibidez, gehiago zigortuko dira. Horrek nota jaitsiera txiki bat ekarri zuen lehen deialdian baina ez askok pentsatzen zuten bezainbeste.
Zorte on, danoi!
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!