Oñatin ikasi duten 6 gaztek gaur ekin diote unibertsitatera sartzeko probei
Ekaineko deialdiko euskarazko azterketen puntuazioen eta epaileek hartutako erabakiaren soka luzatzen ari den honetan ekin zaio Donostia, Gasteiz eta Leioako kanpusetan USaPen ezohiko azterketaldiari. Ekaineko deialdira aurkeztu ziren 87 oñatiarretatik gehienek gainditu zuten, baina orduan aprobatu ez zutenetako batzuk eta kurtsoa ezohikoetan gainditu zutenek gaur goizean ekin diote unibertsitatera sartzeko probei. Oraingoan Donostian egingo dituzte azterketak Oñatiko 6 gaztek.
Guztira 2.332 ikaslek egingo dute unibertsitatera sartzeko proba EHUn ezohiko deialdian eta horietako 6 oñatiarrak dira: herriko ikastetxe bakoitzeko bina lagun. Aurreko urteetan bezala, ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost dira: euskara, ingelesa, gaztelera, matematika eta Espainiako historia edo filosofiaren historia, aukeran. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota hobetzeko. Konpetentzietan oinarritutako proba da egun; ariketetarako galdegaiak orokorragoak dira, denetik gehiago ikasi behar da, eta zuzenketa irizpideak zorroztu egin dira, eta akats ortografikoak, adibidez, gehiago zigortzen dira.
Ekaineko deialdian hain zuzen ere euskarazko azterketan batzuek 0 atera izanak soka ekarri du; berriena EHUk jakinarazi du, epaileen erabakia errekurritu egingo duela argitaratu baitu bere web orrian gaur goizean, USaP probetara aurkeztu diren gainerako ikasleak babesgabetasun egoeran uzten dituela argudiatuta. Hainbat ikaslen gurasoek jarritako helegitea onartuta epailek agindu dute badaezpadako neurri gisa Euskara eta Literatura II ikasgaiaren kalifikazioa aintzat ez hartzea matrikulazio prozeduretan. Hori, ordea, berdintasun printzipioaren kontra doala dio EHUk. Auzia zertan geratzen den ikusteko dago. Eta bitartean, esan bezala, unibertsitatera sartzeko ezohiko deialdiko azterketak gaur hasi dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!