Azaroaren 25aren eta abenduaren 3aren harira bi adierazpen eta mozio bat proposatuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran
14 puntuko lan zerrenda prestatu da arratsaldeko bilkurarako eta horien artean hiru, aldarrikapen egun konkreturi lotutako adierazpen eta mozio idatziak dira. Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna izan zen atzokoa eta horren harira osatutako adierazpena onartzea proposatuko du alkateak. Gaur zortzi berriz, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatuko da eta horren bueltako adierazpena proposatuko du EH Bilduk, Estatus berri bat euskararentzat lemapean eta mozio idatzia, berriz, EAJk Euskararen Nazioarteko Eguna 2026 izenpean.
Euzko Alderdi Jeltzalearen bozeramaleen berri ere emango da arratsaldeko Osoko Bilkuran. Amaia Erostarbek bete zuen bozeramale lan hori uztailean zinegotzi kargua utzi zuen arte eta hilabete hauetan modu ez ofizialean aritu da Xabier Mugarza. Gaur ordea, bozeramale titularra izango dela eta ordezko moduan Itziar Alonso arituko dela jakinaraziko zaio udalbatzari.
Pasa den hileko bileran mahai gainean utzi zen udal eraikin eta ekipamendu publikoen garbiketa-zerbitzuaren gaia ere aztergai izango da gaurko Osoko Bilkuran. Asko dira udalaren zerbitzuak hartzen dituzten eraikinak eta horien garbiketaz enpresa ezberdinak arduratu dira orain arte, kontratazio prozedurak ere banaka burutu direlarik. Orain guztiak kontratazio bakarrean batu dira eta horren inguruko argibideak emango dira arratsaldeko bileran, prozedura bateratua martxan jartzeko erabakia bozkatuz. Kontratazioaren eremua lau lotetan banatzea proposatuko da, bakoitzaren arloa eta beharrak kontutan hartuta: administrazio eta zerbitzu orokorrak; kultura; hezkuntza eta kirola. Kontrataziorako aurrekontua oso handia da, zehaztu den balio zenbatetsia 2.785.581 euro da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!