Oñatin egingo diren hainbat ekintza jaso ditu Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdiak

2021/10/18
Card image cap
Egitaraua Antzuolan ospatuko da nagusiki baina Gomiztegi baserriak, Arrikrutzek eta Pottokalekuk lekua izango dute

  Gaur hasi eta domekara arte luzatuko da Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia. Ingurumena, kultura eta turismoa eskutik etorriko dira aste honetan. Mankomunitateko Turismo departamentuak antolatzen duen egitaraua Antzuolan zentratuko da aurten baina eskualdeko beste herrietan izango da zer ikusi, baita Oñatin ere.

  Antzuolan dokumental eta mendi film ezberdinak ikusi ahal izango dira gaur eta bihar, asteazkenerako hitzaldi bat programatu da eta ostegunean musika emanaldia iragartzen da, lehen mendi ibilaldi eta bisita gidatuekin batera. Eta Oñatira lehen irteera ostegunean bertan egingo da, Gomiztegi baserrira bisita gidatua antolatu baita, 16:00tarako.

  Ostiral, larunbat eta igandean, bisitak, irteerak eta bestelako kultur eskaintzak bereziki ugalduko dira. Oñatira etorrita, Arrikrutzen Espeleotxiki egingo da larunbat arratsaldean, eta Espeleoabentura igande goizean. Larunbatean eta igandean ere, Pottokaren oinatzak jarraituz ibilbidea osatu ahal izango da Pottokalekukoek gidatuta. Igandean, bestalde, Arantzazuko parketxeak antolatuta, familiei zuzendutako orientazio jolasa egingo da Arantzazuko ibilbide irisgarrian zehar. Egitarau osoa www.puntaikpunta.eus atarian ikusgai dago.

  Oñatin eta Debagoieneko gainontzeko herrietan antolatu diren tailer, bisita eta irteeretan parte hartzeko izena aurrez eman behar da, 943796 463 telefonora deituz edo mezua bidaliz honako helbide elektronikora: puntaikpunta@debagoiena.eus

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!