Oñatiko udala

Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko iragarkia argitaratu da gaurko Gipuzkoako aldizkari ofizialean.

2014/01/08
Card image cap
Lehiaketan parte hartu nahi duten enpresek, urtarrilaren 23ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko.

  Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak, turismo bulegoa eta bertan dagoen San Migel Errota eta Arrikrutzeko kobak kudeatuko dituen enpresa kontratatzeko deialdia egin du. Gaurko aldizkarian argitaratu den iragarkiaren arabera, herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa hasieran, bi urtetarako kontratatuko litzateke baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Udalak eskaintzen gehienezko prezioa mugatu du eta lehenengo urtebeterako 97.000 euro gehi BEZa da finkatu den lehiaketa prezioa. Parte hartzen duten enpresek, hortik beherako eskaintzak aurkeztu beharko dituzte.

  Proposamen ekonomikoa lanak esleitzerakoan baloratuko den irizpideetako bat izango da, zerbitzuak antolatzeko sistema, bestelako hobekuntza proposamenak eta merkatuari eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko ikerketarekin batera.

  Herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko lehiaketara aurkezten diren enpresek gainera, antzerako lanetan eskarmentua dutela erakutsi beharko dute eta turismo bulegoak eta kobak kudeatzen gutxienez urtebeteko esperientzia dutela egiaztatu beharko dute.

  Oñatiko garapen eta turismo ajentziak osatu duen baldintza teknikoen zerrendan bestalde zerbitzu bakoitza publikoari zabalik mantendu beharko egutegia zehaztu da. Turismo bulegoa, urritik maiatzera bitartean, astean sei egunetan eta eguneko lau ordutan zabaldu beharko da, atseden-eguna zapatu, domeka, jai edo zubi eguna ez delarik. Ekainetik irailera bitartean eta Aste Santuan berriz, bulegoa egunero zortzi orduz zabalik mantendu beharko da.

  Arrikrutz kobari dagokionean bestalde, urtean, gutxienez, 1526 orduz ireki beharko dira bisitarientzat: martxotik ekainera eta irailaren 15etik abendura, asteartetik ostiralera sei orduz eta zapatu eta domeketan zazpi orduz egunean. Uztailetik irailaren 15era eta Aste Santu nahiz zubi egunetan berriz, 8 orduz asteartetik domekara.

  Baina xehetasun hauek eta beste batzuk, Oñatiko Garapen eta turismo Ajentzian, Bidebarrieta kaleko 12an dauden bulegoetan eskuratu daitezke. Proposamenak berriz, udaletxeko bulegoetan aurkeztu behar dira, horretarako azken eguna hilaren 23a izango delarik. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!