Oñatiko udala

Oñatiko ur zikinak Epeleko araztegira bideratzen dira jada.

2013/02/08
Zubillagan orain urtebete eraiki zen ponpaketa estazioa lanean hasi da baina Epeleko depuradora probatan dago oraindik.

  Oñatiko ur zikinak Epeleraino bideratzeko ponpaketa estazioa eraiki zen Zubillagan eta bertatik araztegiraino kasik 4 kilometroko hoditeria bikoitza lurperatu zen. Lanak, orain urtebete inguru amaitu ziren arren, oraindik martxan jartzeko zeuden.

  Bitartean, Epeleko araztegia Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko ur zikinak biltzen eta tratatzen hasi zen. Urtebete inguru eman du lehen proba fase honek. Baina instalazioek zuzen lan egiten dutela egiaztatzeko prozesuan fase berri bat abiatu da; Zubillagako ponpaketa estazioa martxan jarri eta Oñatiko ur zikinak araztegiraino helarazteko fasea, alegia. Gabonen aurretxoan hasi ziren ponpaketa lanok, eta oraingoz ondo, arazorik gabe egiten ari dira. Horrek esanahi du, herriko ur zikinak ez direla jada errekara isurtzen.

  Zubillagako hiltegiaren atzealdean eraiki zen bonbeo estazioak lau ponpa ditu eta segunduko 250 litro ur ponpatzeko ahalmena. Epeleko araztegiak, bere aldetik, segundoko 848 litro ur zikin depuratzeko ahalmena du gehienera, nahiz eta bataz beste, horren herena edo depuratzen duen. 

  Oñatiko udalak, ahalegin berezia egin zuen herriko ur zikin guztiak bildu eta Zubillagaino eramaten. Zailtasun tekniko batzuk tarteko, zenbait etxetako hondakin urak bildu ez eta errekara jaurtitzen diren arren, herriko kolektoreak ur zikin gehiena jasotzen du. Ondorioz, herri gunean, erreka garbi mantentzea lortu zen, hein handi batetan, baina ez ibilbide osoan. Kolektoreak, Zubillagako abere-hiltegi atzealdean errekara isurtzen baitzituen herriko ur zikinak. Gauzak ondo, halakoak, historiara pasako dira.

  Epeleko araztegia Edar Epele izeneko UTE edo enpresa taldeak eraiki zuen Ingurumen Ministerioak esleituta. 2007an hasi ziren lanek, 26 milioi pasa euroko aurrekontua izan dute.

  Urtebete luzez egiten ari diren probak amaituta, instalazioak Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren eskura pasako dira.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!