Oñatiko udala

Oñatiko Udalak, UEMArekin bat, elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako, plazan

2025/07/18
Card image cap
Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatu eta euskararentzat justizia eskatuko da, "Euskararekin bat" lemapean

  Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko zuzendaritza batzordeak agerraldia egin zuen atzo, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Epaila larria dela adierazi zuten eta batez ere, udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez, udaletxe aurrealdetan elkarretaratzeak egiteko deia zabaldu zuten. Oñatiko Udalak bat egin du sententziaren harira UEMAk egin duen irakurketarekin eta biharko elkarretaratze deialdiarekin. Hala dei egiten diete herriko euskaltzaleei, euskalgintzako eragileei eta, oro har, herritar guztiei euskararen aurkako eraso hau salatzera eta euskararentzat justizia eskatzera kalera atera daitezen; bihar, 12:00etan, udaletxe aurrean egingo da elkarretaratzea.

  Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dutela dio UEMAren atzoko adierazpenak. Euskara ez baita beste hizkuntza ofizialen parekoa, ezta ofiziala den lekuetan ere. Eta Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazitakoa gogoratzen da, euskara larrialdi linguistikoan dagoela zehaztuz. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, hizkuntzak ez direla galtzen, desagerrarazi egiten dituztela dio UEMAk eta euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

  Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute aipatzen du adierazpenak. Hau da, gutxitutakoa lehengoratzea. Normalizatzea. Biziberritzea. Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta.

  Baina Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia larria dela azpimarratzen da, euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen dituelako. UEMA osatzen duten 118 udalei eta bertan biltzen diren 353.000 biztanleei erantzukizunez jokatzea dagokigula gogorazten da idatzian eta euskaraz jarraituko dugula adierazten da. Euskarak justizi behar duela, aldarrikatzearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!