Oñatiko udalak bat egin du Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin

2021/12/20
Card image cap
Jaso nahiko genukeena eskaintzea da itunaren oinarria

  Pertsona Migrantzaileen Nazioarteko Eguna ospatu zen larunbatean, abenduaren 18an, eta horren haritik amaitu zen bi hilabetez luzatu den bat-egite kanpaina Gasteizen burutu zen ekitaldian. 120 udalek, tartean Oñatikoak, bere egin dute Migraziorako Euskal Itun Sozialarekin.

  Eusko Jaurlaritzak sustatutako Gizarte Itunak migrazioaren ertz guztiei erantzun bateratua eta solidarioa eman nahi die, begirada etiko, prebentibo eta proaktibo batekin. Migraziorako Euskal Itun Soziala ez da berria, 2013an adostu baitzen, baina haren eguneraketa idatzia da udalez udal zabaldu eta onartu dena.

  Itunak hiru premisa jartzen ditu erdigunean: aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana. Eta migrazioari dagokionean, jaso nahiko genukeena eskaintzea da printzipio etiko nagusia. Benetako herrialde aberatsak migrazio fluxuak eta kultura aniztasuna modu egokian integratzen jakin dutenak direla adierazten du.

  Oñatiko udalak bere egin duen Migraziorako Euskal Itun sozialean jasotako ardatz nagusiak gizarteko alor guztietan modu transbertsalean lantzeko eta ontzeko konpromisoa hartu da. Hainbat zeharkako aukera eta konpromiso zehatz zerrendatzen dira, hara nola: bizikidetza, giza eskubideak, transbertsalitatea, kohesioa, hezkuntza, tokikotasuna, berdintasuna eta hizkuntza.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!