Arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroa hasiko da Zubillagako Olaburun, irailean

Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea sustatzeko dinamika da Elkar EKIN Lanean. 2025-2026 ekitaldirako 9 formazio ikastaro eskainiko dira eskualdean, tartean, Oñatin izango den Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa. Bastida akademiak emango du Zubillagako Olaburu zentroan, irailean hasi eta 2026ko urrira arte, astelehenetik ostiralera, zehaztuko den ordutegian. bitartean. 510 orduko formazio teoriko- praktikoa izango da eta zaintza lanetan aritzeko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri ofiziala emango du.
Zaintza sektorean lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago; lehentasuna izango dute langabezian daudenek eta atzerritartasun-egoera erregulatuta dutenek. Baina ikastaroaren inguruko xehetasunak emateko informazio saioa antolatu da datorren asteazkenerako, uztailaren 9rako. Zubillagako Olaburu zentroan izango da, arratsaldeko 14:15etan. Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek hainbat dokumentu eraman behar dituzte informazio saiora: nortasun agiria edo pasaportearen kopia eta errolda ziurtagiria. Argibide gehiagorako Udaleko enplegu departamentura (943 003 198) edo Bastida akademiara (943 79 35 33) jo daiteke.
Langabezian dauden oñatiarrak eta debagoiendarrak, arreta sozio-sanitario arloan formatu eta sektorean laneratzea da ikastaroaren helburua. Oñatin egingo den zaintza arloko ikastaro honen parekoa egingo da baita ere Aretxabaletan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!