Oñatiko udala

Oñatiko Udala hautagai da Landaola sarietan

2025/03/07
Card image cap
Martxoaren 14an Zumarragan banatuko dira Landaola sariak

  Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egiten diete Landaola Federazioaren sariek. Aurten zortzigarren aldiz banatuko dira eta lau sari izango dira guztira: erakunde pribatuaren saria, erakunde publikoaren saria, emakumeak landa eremuan saria eta urteetako ibilbideari saria. Sari emate ekitaldia, datorren ostiralean, martxoaren 14an egingo da Zumarragan.

  Oñatiko Udala hautagai da erakunde publikoei zuzendutako sarirako, herriko toponimia jaso eta ekarpenak egiteko aukera uzten duen mapa interaktibo batean kokatzeko lanagatik. Udalak ia 3.000 toponimo bildu eta lekutu ditu, herritarrek kontsultatu dezaketen mapa interaktibo batean. Horrela, edonork du ekarpenak egin eta lana aberasteko aukera. Egitasmoa bilera ireki batean aurkeztu zen urtarrilean, erabilera eta funtzionamendua azaldu zirelarik.
Erakunde publikoen kategorian izendatu diren beste bost proiektuak beste horrenbeste udalei dagozkie: Oiartzungo Udala eta Baserrietako ordezkapen zerbitzua; Eibarko Udalaren Baserrixa hurretik; Legazpiko Udalaren harrobien erabilera tradizionala eta ondarea uztartzen dituen proiektua; Berastegiko Udalaren Be?Artzain kultura eta Azkoitiko Udalaren berdura plazaren eraberritzea. 

  Erakunde pribatuen kasuan ere sei hautagai daude eta bat Debagoienean kokatzen da, beste batek, eskualdea zeharkatzen du. Arrasateko Bedoña auzoan dagoen Errastiko eskola da izendatuetako bat, Goierri, Urola Garaia eta Debagoeina bailarak zeharkatzen dituen ERRO gaztaren ibilbidea bestea. Gainera, Amalda biobotanika proiektua, Argaia Goena baserria, Goxart obradorea eta HENASE, Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartea ere hautagai dira. Urteetako ibilbideari saria eta Emakumeak Landa Eremuan saria egunean bertan adieraziko dira. Landaola Federazioa osatzen duten Gipuzkoako sei landa garapen agentziek aukeratu dituzte hautagaiak. 

  2022an Gomiztegiko artzain eskolari urteetako ibilbideari saria eman zioten eta 2023an, Zubillagako abere hiltegia hautagai izan zen erakunde publikoen atalean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!