Oñatiko Udala, Berdinsareako kide da

Berdinsarea, berdintasunaren aldeko udalen sarea da eta hainbat helburu ditu: gizon eta emakumeen berdintasunerako 2005eko legea beteko dela bermatzea, berdintasun hori sustatzeko eta emakumeen kontrako biolentziaren aurka borrokatzeko tokiko esparruan programa eta ekintzak bultzatzea; esperientziak trukatu eta ekintzetarako irizpideak koordinatzea edota udalez gaindiko esparruetan adostutako edukiak udal errealitatean garatu, zehaztu eta egokitzea, besteak beste.
Berdinsareako kide izateko udalei hainbat konpromiso eskatzen zaie, berdintasun politikak garatzeko baliabide tekniko eta pertsonalak jartzea eta aurrekontu bat finkatzea eskatzen zaie. Oñatiko Udalak, aurreko legealdian Berdintasuna batzordea sortu zuen eta 2012an Berdintasunerako Lehen Plana onartu zuen. Gainera, plan hori gauzatzeko berdintasun teknikari bat ere kontratatu zuen. Bitartekoak jarrita, Berdinsarean sartzeko eskaera luzatu zitzaion EUDELi eta honek onartu berri du. Aurrerantzean beraz, Oñatiko Udalak, sare horretan parte hartzen duten gainontzeko udalekin koordinazioan lan egingo du berdintasunaren alorrean eta era berean, saretik, aholkularitza teknikoa jaso ahal izango du. Beraz bereziki berdintasun teknikariak igarriko du Udala Berdinsareako kide dela, bere lan egiteko postura eta elkarlanerako sarea irekiko baitio. Baina horrek, herrira begira egingo diren ekintzetan ere isla izango du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!