Oñatiko udala

Oñatiko udal ordezkariak Bergaran izango dira igandean

2026/07/14
Card image cap
Foruen abolizioaren 150. eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenak oroitzeko ekitaldi politiko-instituzionala egingo da

  Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotako alkate eta udal ordezkarik bat egingo dute Bergaran igande goizean, eta tartean izango dira Oñatiko ordezkariak ere; Izaro Elorza alkateak eta Amaia Erostarbe bozeramale jeltzaleak bertaratzeko asmoa azaldu digute. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Foruen abolizioaren 150. eta Alkateen Mugimendua esan zitzaionaren 50. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldi politiko-instituzionala izango da. Bildutako guztiei harrera egingo zaie Seminaixoan, 11:15etan, eta ondoren desfilea egingo dute. Ekitaldi nagusia 12:00etan hasiko da eta ordubete irautea aurreikusten da. Alkateei aginte makila edo zumitza eramatea eskatu zaie eta herriko bandera ere eraman daiteke, desfilean erakusteko.

  Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira igandeko hitzordua antolatzen; karga sinboliko handia izango duela aurreratu da, iragana, oraina eta etorkizuna lotuko baita hitzen, musikaren eta dantzaren bitartez.

  2026 urte honetan bi efemeride historiko garrantzitsu batzen dira: Bigarren karlistada amaituta,1876ko uztailaren 21an, Foruen abolizioa gauzatu zen eta 150 urte dira jada, eta 1976an Alkateen Mugimendua izendatu zenaren sorreratzat jo zen bilera egin zen Bergaran, orain 50 urte, alegia. Bi gertakari horiek sakon markatu dute euskal gizartearen antolaketa instituzionala eta autogobernuaren bilakaera. Aipatu bi urteurren horien harira, ekitaldi politiko instituzionala egingo da igandean, Euskal Herri osoko udaletako ordezkariekin.

  Maiatzeko Osoko Bilkuran aipatu ekitaldiarekin bat egin zuen Oñatiko udalbatzak gaiaren inguruko mozioa aho batez onartuta. Sei puntuko mozioan bi efemerideen garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen da; aurretik iparraldeko lurraldeen eskubide historikoen abolizioa gertatu zela ere gogoratuz, euskal lurraldeen jatorriko eskubideen eta herri borondate demokratikoaren balioak aldarrikatzen dira; Euskal Herriaren berezko nortasuna eta nazio izaera berresten da; Euskal Herriko eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzearen beharra aldarrikatzen da eta Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan udalerriek izan duten eginkizun erabakigarria aitortzen da mozio-idatzian.

  Aldarrikapen eta aitortza horiek guztiak Bergaran berrituko dira igandean, hego zein iparraldeko 200 herri baino gehiagotako udal ordezkarien bilkurarekin. Oñatiko udalbatza osatzen duten bi taldeetako ordezkariak ere bertan izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!