Oñatiko turismoak marka berria dauka
Bigga irudi estudioak landu du turismoko marka berria. Oñati zer den, zer eskaini dezakeen eta zein turismo erakarri nahi duen aztertu da eta hori modu egokienean islatzen duen marka sortu da. Zirkulu edo O letra garden bat da, lauki baten barruan; Oteizaren hutsaren ideiari erreferentzia egiten dio, nolabait. Logo moldagarria da eta lau kolore erabiliko dira, herriak eskaintzen dituen lau turismo ardatzak irudikatzeko: kultura, natura, ondarea eta gastronomia. Markarekin batera lelo turistiko berria ere hautatu da: Ikuspegi ezberdinen topagunea. Turismok sortu duen logo eta marka berria Oñatiko Udalarenarekin bateragarria da.
Marka berriarekin batera, letra tipoa eta erabilerarako beste oinarri batzuk biltzen dituen eskuliburua osatu da. Guzti hori aintzakotzat hartu da turismoko web orri berria eta bestelako euskarri turistikoak diseinatzeko.
www.turismoa.oñati.eus da web atari berrirako lotura. Eibarko CodeSyntax-ek egin du, nagusiki mugikorretan pentsatuz, jakina baita Oñatiko turismo atarira telefonoak erabiliz sartu ohi direla erabiltzaileak. Baina ordenagailuetarako moldaketa ere egin da. Ataria erabilerraza da, oso intuintiboa. Turismo aldetik Oñatik dituen baliabideak eta eskaintza kolore bidez berezituta agertzen dira hemen ere, eta erreserbak online egiteko aukera ematen du, besteak beste. Informazio praktikoa eta agenda ere eskaintzen ditu. Propio egin diren bideo laburrak eta argazkiak txertatu dira. Edukiak bost hizkuntzetan daude: euskaraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta katalaneraz.
Turismo marka berria sortu dela aprobetxatuko da baita ere kaleko seinaleak berritzeko. Arantzazuko eta San Lorentzoko erloju-termometroak margotu eta egokitu dira jada. Seinale turistiko berriak datorren astean jarriko dira. Era berean, sortu den markaren gidalerroak jarraitzen dituzten turismo esku-orriak argitaratu dira.
Turiamo plan estrategikoaren baitan kokatzen dira digitalizazio zein produktu turistiko mailan egin diren lan guzti hauek eta Next Gerneration dirulaguntzez finantzatu dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!