Oñatiko udala

Oñatiko turismo esperientziaz berba egingo da Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdian

2022/10/07
Card image cap
Arrasaten ospatuko da jaialdia baina inguruko herrietan, eta Oñatin ere, izango da ekintzarik

  Datorren astean, hilaren 14tik 16ra egingo da Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia. Oraingoan Arrasate izango da erdigunea eta baina eskualdeko beste herrietan izango dira ekitaldiak, baita Oñatin ere, eta Oñatiri buruzkoak ere.

  Astean aurkeztu da Mankomunitatearen egoitzan Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia. Eskualdeko ingurumen ondarea balioan jartzeko helburuarekin abiatu zen jaialdia eta aurtengoa 6.a izango da. Halako ekimenak lurraldean izatea zorte handia dela esan zuen aurkezpen ekitaldian Iker Goiria Aldundiko turismo zuzendariak, eta Diputaziotik lantzen ari diren helburuekin, hau da, iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetuarekin, guztiz bat datorrela azpimarratu zuen.

  Iraunkortasuna eta jasangarritasuna dira Oñatin turismoa garatzeko oinarrizko printzipioak eta zentzu horretan egin dena azaltzeko aukera izango da Puntaik Punta jaialdian, Oñati turismo jasangarria: Arrikrutz-Oñatiko kobaren eredua izeneko hitzaldia emango delako, larunbatean, 11:00etan Arrasateko Kulturaten. Arrikrutz beste era batera ezagutzeko aukera ere izango da domekan, hilaren 16an, Espeleoarrikrutz irteera gidatua antolatu delako, 10:30etatik aurrera.

  Baina Oñati oinarri izango duten bi ekintza hauezaz gain hainbat mendi irteera gidatu egin ahal izango dira asteburuan: Udalatxera, Urkulu-Santikrutz-Andarto eta Degurixara, Garagartza-Udala-Besaide eta Tellamendira edota Bedoñako elizateko Andra Mari Zurira, besteak beste. Eskoriatzatik Arrasaterako bide berdetik bizikleta ibilbidea osatuko da, orientazio proba lasterketa izango da, Leintz Gatzagako inguruak ezagutzeko bisita eta hainbat musika talderen kontzertu eta ikuskizunak ere programatu baita. Egitaraua Puntaik Punta web-atarian dago ikusgai eta parte hartzeko izena ere bertatik eman daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!