Oñatiko udala

Antzerki emanaldiak, lehiaketak, txokolate jana, kalejira eta liburu erakusketa antolatu dira abenduaren 3rako

2026/11/26
Card image cap
“101 berba” mikro-narrazioen sari banaketa ekitaldia ere egingo da

  Udalaren Hezkuntza eta Euskara sailak, herriko ikastetxeak eta bertako Guraso elkarteak zein Taupa euskaltzaleen mugimendua elkarlanean aritu dira abenduaren 3ko egitaraua prestatzen. Euskararen Nazioarteko Egunean Tartean antzerki taldearen emanaldi bikoitza izango da Santa Ana aretoan; Kandida antzezlana batxilergoko ikasleentzat taularatuko da eguerdian, eta interesa duten herritar guztientzat errepikatuko da 19:00etan. Sarrera doan izango da.

  Eguerdian baita ere, Appa hi! lehiaketa izango da Gaztelekuan, DBH 4. mailako ikasleei zuzenduta. Hitanoa ikastetxeetan lantzen dute eta noka/toka erregistroak zenbateraino barneratu dituzte frogatu beharko dute gurean laugarren aldiz egingo den lehiaketa honetan. Aldi berean egingo da, helburu beretsua duen 101 berba mikro-narrazioen lehenengo lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Herri hizkera, hitanoa barne, bultzatu eta gazteen euskara erabilera eta sormena sustatzeko helburuz udaberrian deitu zen lehiaketa da 101 berba. Udalak, Ingo xonau! egitasmoko kideekin eta ikastetxeekin elkarlanean antolatu zen. Berez 15 eta 18 urte bitarteko herriko gazteei zuzendu zitzaien arren, praktikan DBH 3 eta 4. mailako ikasleek soilik parte hartu zuten. Herriko hiru ikastetxetatik 56 lan jaso ziren eta hauen artean hiru sari banatuko dira: 200 eta 100 euroko erosketa bonoa lehenengo bi sailkatuentzat eta 100 euroko sari berezia hika erabilera onena egin duen lanaren egilearentzat.

  Arratsaldean, 17:45etan, ikastetxeetako Guraso elkarteek txokolatea banatuko dute eta DBH 4ko ikasleek bizkotxoak salduko dituzte, ikasbidaietarako dirua lortzeko helburuz. Ondoren, Euskaraz e(ra)gin kalejira abiatuko da plazatik, Ramon Irizar kaleko plazatxoa, Txokolateixa ondoko arkupea eta plaza bitarteko bira osatuz. Taupa euskaltzaleen mugimenduak, herriko ikastetxeek eta hainbat musikarik elkarlanean antolatu dute kantu-bira berezia.

  Liburutegiak ere bat egingo du Euskararen egunarekin, eta 2026an zehar euskaraz argitaratu diren liburuen erakusketa egingo du, Durangoko azokarako atera diren nobedadeei leku berezia gordeaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!