Oñatiko PPk herria Gizateriaren Ondare izendatzea proposatu du

2023/03/13
Card image cap
Corpus jaia Gizateriaren Ondare Inmaterial izendatzea ere proposatuko duela aurreratu du

  Herriko ondare historiko eta monumentalak Oñati Gizateriaren Ondare den hiritzat hartzea merezi duela uste du Ricardo Guisadok, alderdi popularreko Oñatiko alkategaiak. Sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, PPko hautagaiak iragarri du maiatzeko hauteskundeetarako aurkeztuko den programan Oñatiko hautagaitza sustatzea sartuko duela. Era berean aurreratu du Corpus jaia Gizateriaren Ondare Inmaterial izendatzea ere proposatuko duela.

  Sancti Spiritus unibertsitatea, Bidaurretako monasterioa, Arantzazuko basilika, Arrikutzeko koba, ehun urtetik gora duten baserriak, San Migel parrokia edo herrian sakabanatutako hainbat ermitak nahikoa dira, Guisadoren ustez, UNESCOk Oñati Gizateriaren Ondare izendatzeko.

  Gizateriaren Ondare izateko UNESCOk eskatzen dituen irizpide kultural eta naturalak Oñatik badituela dio PPren alkategaiak eta uste du, izendapen berezi horrek Udala eta Aldundia behartuko lituzkeela hirigune historikoa mantentzera, ingurumena babestera eta monumentu-izaerako eraikin ugari zaharberritzera. Horrek Oñatiko irudia eta ondare monumentala suntsitzen ari diren pintada eta pankartekin amaitzea ekarriko lukeela ziurtatu du Guisadok.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!