Oñatiko udala

Oñatiko ordezkaritza zabala eta partaidetza berezia izan zen Bergarako ekitaldi politikoan, atzo

2026/07/20
Card image cap
Oñatzeko dantzariek hartu zituzten herri erakundeetako ordezkariak

  Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50.aren haritik antolatutako ekitaldi nagusia Bergarako Usondo parkean egin zen. Seminarixo aurrealdetik parkerako bidea kalejiran egin zuten Euskal Herri osotik joandako herri erakundeetako ordezkariek. Tartean ziren Izaro Elorza eta Amaia Erostarbe udal hautetsiak, lehenak alkate-zumitza eraman zuen eta bigarrenak, Oñatiko bandera. Oñatz taldeko kideek dantzan hartu zituzten guztiak Usondon.

  Mende erdi pasa da Alkateen mugimendua deitu zitzaionaren kideak Bergaran elkartu zirela. 1976ko ekimenean parte hartu zuten Bergara, Arrasate, Eskoriatza, Otxandio eta Belauntzako alkate ohiri omenaldia eta aitortza egin zitzaien. Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi zuenez, foruen galera bidegabea eta Francoren diktadura amaieran sortutako Alkateen Mugimenduaren oroimena berritzeak euskal herritarron etxe komuna eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko konpromisoa berresten du. Eta norabide horretan buru-belarri lanean jarraitzeko determinazioa azaldu zuen gure herria eta bere jendea aurrera ateratzeko, garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta. Eta erantsi zuen euskal lurraldeoi dagokigula gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea. Era berean ezinbestekotzta jo zuen gure herriaren memoria gorde eta zaintzea eta belaunaldi berriei transmititzea.

  Gorka Artola Bergarako alkateak ere hitza hartu zuen eta nabarmendu zuen kolore politiko eta ideia desberdinak izan arren badela bildutakoek partekatzen duten zerbait gure harriek aurrera egitea nahi dugu, herritarren ongizatea hobetzea nahi dugu eta gure udalerriak etorkizunerako prestatzea nahi dugu. Eta aniztasunetik herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea aldarrikatu zuen. Nork bere eremutik lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu zuen, gaineratuz, euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu.

  Karga sinboliko handiko ekitaldian Euskal Herri osoko 180 bat herritako alkate eta zinegotzi elkartu ziren eta baita ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Aldundietako, Eusko eta Nafarroako legebiltzarretako, Eusko Jaurlaritzako eta Nafar Gobernuko ordezkariak eta Bergaran batzeko deialdia egin zuten EH Bildu eta EAJko ordezkariak. Oñatiarrak ere izan ziren Bergaran atzo: udalbatza osatzen duten bi taldeetako ordezkariak, Oñatz dantza taldekoak eta Aita Madina txistulari taldekoak, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!