Oñatiko Nagusien Mahaia astelehenean elkartuko da aurrenekoz

2023/02/09
Card image cap
Hilean behin, astelehen goizez, bilduko da eta herriko nagusi guztiei irekita dago

  Adineko pertsonei eragiten dieten herri mailako behar eta gaiak azaldu, aztertu eta ideia edo proposamenak hausnartzeko foro gisa sortu da Nagusien Mahaia; lehen pertsonan aritzeko, eztabaidatzeko, elkarrekin jarduteko gune moduan. Herriko pertsona nagusiei hitza eman eta bere beharrak azaltzeko topagune bat eskaintzeko helburua azpimarratu du Izaro Elorza alkateak. Baina herriko adineko pertsonekin lan egiten duten elkarteak harremanetan eta elkarlanean jartzeko gune izatea eta Udalari zuzenean eragiten dioten gaietan nagusien kezkak helarazteko zubi izatea ere nahi da.

  Nagusien Mahaia eratu aurretik egin zen aurrediagnostikoan 58 herritar elkarrizketatu ziren eta gehienek halako foro batekiko interesa agertu zuten, 16 gainera, parte hartzera animatu dira. 8 emakume eta 8 gizakume horiekin abiatuko da Nagusien Mahaia astelehenean. Baina adinekoen foro hau irekia da eta 65 urtetik gorako edozein herritarrek parte hartu dezake, elkarte bateko ordezkari gisa edo norbanako moduan. Nagusien Mahaian parte hartzeko, edo informazio gehiago eskuratzeko, udaleko Ongizate departamentura jo behar da: 943 037 700 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita: ongizatea@onati.eus helbidera.

  Nagusien Mahaia hilean behin, astelehen goizez elkartuko da, 10:00etatik 11:30etara. Bizipoz kooperatibak dinamizatuko du taldea eta bera arduratuko da deialdiak egin eta bileren aktak jaso eta zabaltzeaz. Aurrediagnostiko fasean lehen eztabaidagaiak zerrendatu ziren baina ondorengo bileretan gai edo behar berriak identifikatu eta lantzea aurreikusten da. Nagusien Mahaia foru iraunkorra izateko xedez abiatzen da. Lehen bilera astelehenean, otsailaren 13an egingo da, Euskaldun berria gelan, 10:00etan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!