Oñatiko Nagusien Gunea sortzeko aurre-diagnostikoa egiten ari dira
Pertsona nagusiekin lan egiten duten eragileek, elkarteetako ordezkariek edota herritarrek osatuko luketen nagusientzako gune edo foro baten beharrik ba ote dagoen jakin nahi du Udalak. Eta behar dela ikusiz gero, nolakoa izan behar lukeen. Hori guztia zehazteko aurre-diagnostikoan murgilduta dago Udala.
65 urtetik gorako 50 herritar baino gehiago elkarrizketatu dira dagoeneko, baina gehiagorekin berba egiteko asmoa dago. Orain arteko aldian aldiko dinamikak nahikoak diren ikusi edo foro egonkor bat sortzeko beharra dagoen baloratu nahi da. Herriko nagusien ekarpenetan, adierazitako behar eta iritzietan oinarritu nahi du Udalak balizko Nagusien Gune baten sorrera, Izaro Elorza alkateak azaldu duenez.
Oñatiko herritarren ia laurdena, %24a dira 65 urtetik gorakoak, egun. Alkateak uste du beharrezko dela nagusiak entzutea eta haien benetako beharrak ezagutzea. Helburu horrekinjarri da abian aipatu aurre-diagnostikoa. Bizipoz zahartze aktiborako kooperatiba ari da lana egiten. Lehenik, herri mailan erreferentziazkoak izan litezken pertsonak, eragileak eta erakundeak identifikatu dira eta, haiekin elkartuta, Nagusien Gunearen inguruko hausnarketa egiten ari dira. Azkenik, balizko proposamenak jasoko dituen txostena osatuko da. Lan hori izango da ondorengo urratsak emateko Udalaren oinarria.
Zerbitzuaren iraunkortasuna erdigunean jarrita nagusiek beraiek zein behar adierazten dituzten jaso eta horiei zuzenean erantzungo dien aukera landu nahi da. Aurre-diagnostikoaren dinamizazioa egiten ari den Bizipoz kooperatiba ezaguna da Oñatin, zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzeko hainbat programa gauzatu dituelako herrian. Oñatiko Nagusien Gunearen pareko izan litezkeen Nagusien Kontseiluak sortzeko zereginean ere esperientzia du kooperatibak, Arrasaten, Hernanin, Pasaian edota Zumarragan horretan jardun baitu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!