100en bat boluntario behar dira Elikagaien Bankurako bilketan
Urteko bigarren bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, azaroaren 7 eta 8an. Bergara eta Oiartzungo biltegietako apalak hutsik daude eta horiek betetzeko udazkeneko bilketa prestatzen ari dira, baita Oñatin ere; dendetan laguntzeko prest dauden boluntarioak bilatzen ari dira. Elikagaiak utzi eta janari-bonoak eskuratzeko aukera jarriko da herritarren eskura. Oñatiko bost janari dendek bat egin dute kanpainarekin: Arantzazu Ama kaleko eta Errekaldeko Eroski dendek, San Migel kooperatibak, Olakuako BMk eta Errekaldeko dendak. Guztietan boluntarioak behar dira, laguntzaileen presentziak jasotzen den kantitatean eragiten duela baitakite antolatzaileek.
ACESMA elkartea arduratzen da Oñatin boluntarioak topatu eta hauen lana koordinatzeaz. Ari dira boluntarioen izenak hartzen eta zuzenean elikagaien bankuko onuradunengana jo dute laguntza eske, baita bigarren hezkuntzako ikastetxeetara ere. Baina boluntario gehiago behar dira herriko ia denda guztietan bi eguneko txandak betetzeko. Horregatik, laguntzeko gertu dauden herritarrei Ibis Rodriguezekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, telefono zenbaki honetara deituta: 688 846 293. Boluntarioei zein lan egin behar duten azalduko zaie eta lagundu dezaketen egun eta ordu tarteen arabera txandak betetzen joango dira. Bi orduko txandak betetzeko 100nen bat boluntario beharko dira. Denda batzuetan elikagaiak jaso ez ezik janari bonoak jarriko dira bezeroen eskura. Baina azalpenak, sartu orduko emango dizkiete boluntarioek. Hauek arduratuko dira baita ere herritarrek emandako elikagaiak jaso eta sailkatzen.
287 onuradun ditu egun Elikagaien Bankuak Oñatin. Gipuzkoan, orotara, 15.500 pertsona ingururi banatzen zaie janaria. Iazko datuekiko gutxitu egin dira Gipuzkoan laguntza jasotzen dutenen kopurua, enplegua eta onuradunen egoera ekonomikoa hobetu delako. Oñatin, dena den, iazkoen pare mantentzen da, gutxi gora behera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!