Oñatiko udala

Oñatiko LGTBIQ+ diagnostikoan egungo egoera eta lan ildoak jaso dira

2026/02/18
Card image cap
Jendaurreko aurkezpena datorren asteazkenean egingo da Eltzian

  Herriko LGTBIQ+ errealitatea ezagutu eta aurrera begirako poltikak zehazteko helburuz, diagnostiko prozesua abiatu zen orain urtebete. Pertsonen bizipenetatik abiatu zen datu bilketa eta metodologia kualitatiboa erabili da. Tailerrak, taldekako zein banakako elkarrizketak, instituzioekin lan saioak eta gai konkretuen gaineko tailerrak egin dira. Talde motore bat ere eratu zen prozesuan hartu diren erabakietan laguntzeko. 30 pertsona baino gehiagok hartu du parte prozesuan. Egin den lana abiapuntua dela adierazi dute udal arduradunek, oinarri sendoa Oñatiko LGTBIQ+ politiken norabidea ezartzeko. Prozesuak lagundu du nondik hasi eta non eragin behar den identifikatzeko. Baina horrez gain, harremanak eta sareak sendotzeko aukera ere eman du.

  Diagnostikoak hiru atal ditu: Oñatiren gainean LGTBIQ+ pertsonek egiten duten irakurketa jaso da; mugak eta zigorrak jaso dira, hara nola, sexilioa, ikusgarritasuna, erasoak, fobiak, erreferenteak edota memoriak; eta erresistentzia edo estrategietan sakondu da. Era berean, lau lan ildo zehaztu dira, aurrera begira: kolektiboaren memorian eta erreparazioan lan egin; espazioaren erabilera ez-heterosexuala egin eta plazerrarekin lotu; tradizioaren hausturan lan egin eta genero normatiboaren deseraikuntza.

  Sudergintza kooperatibarekin batera landu den diagnostikoaren jendaurreko aurkezpena otsailaren 25ean, asteazkenean egingo da Eltziako topagunean, 18:30etan; emaitzen berri emango da eta solasaldirako tartea irekiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!