Oñatiko inauteriaren dantzak grabatu ziren atzo Arantzazun

Udaleko Kultura departamentuaren Sormen lanetarako dirulaguntza eskuratu zuen, 350 euro, Oñatiko inauteri konpartsak aipatu grabazioa egin ahal izateko. Taldeko 20ren bat lagun elkartu ziren atzo Arantzazun eta inauteri zapatuan kaleetan egin ohi dituzten dantza guztiak grabatu zituzten: ume handia, paganera, ordu txikitan, kilika eta hartzaren polka. Egitasmoaren helburua da, material egokia izatea, hurrengo urteetan beharra badago, transmisio egokia egin dadin.
Grabaziorako inauteri konpartsako 20ran bat lagun elkartu ziren, ohiko jantziekin, eta Arantzazuko paraje ederrean irudi koloretsu eta alaiak jaso zituzten.
Oñatiko inauteria 2013. urtean kaleratu zen lehen aldiz, euskal inauteri tradizionaletan oinarritutako festa berria asmatu ondoren. Herriko historiari lotutako pertsonaiak, jantziak eta doinuak asmatu eta egokitzen joan dira urteetan, festa borobilduz.
Zapatuko helduen inauteri konpartsaz gain, ostegun arratsaldean LH 5 eta 6. mailako neska-mutikoen konpartsa irteten da, jaia belaunaldi gazteetara zabalduz. Material didaktikoa prestatu zen, “hurretik” plataformarako eta testua eta ariketez gain, Oñatiko inauteriaren bederatzi abestien grabazioak eta hiruren partiturak topatu daitezke. Laster dantzen irudi-grabazioak ere ikusi ahal izango dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!