Oñatiko hiru taldek parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketan
Mikaela Mentu, Jesus, hori be badaku eta Tutelatraku taldeak dira Herriarteko txapelketan parte hartzeko Oñatin eratu diren hiru taldeak. Tokian tokiko bertsolaritza hauspotzea da Gipuzkoa mailako txapelketa berezi honen helburua. Berezia taldeka egiten delako, joan-etorriko saio formatuan eta taldeetan bertsolariak ez ezik, gai jartzaileak eta epaileak ere izendatu behar direlako. Guztira 57 taldek hartuko dute parte Herriartekoan, 350 lagunek, aurrez aipatutako eginkizunetan.
Urko Egaña, Aitor Tatiegi, Beñat Ormaetxea, Gontzal Belategi, Aritz Irigoien, Urko Arregi, Uxue Igartua eta Maider eta Lide Arregi izango dira bertsotan arituko diren oñatiarrak. Azken hirurek Mikaela Mentu emakuzkoen taldea osatzen dute, Mirari Sagarzazuk eta Nerea Etxezarretak ere parte hartuko dutelako gai jartzaile eta epaile moduan. Hori ere sustatu du txapelketak, hau da, genero ikuspegitik emakume eta genero disidenteen parte hartzea. Josu Zubia, Julen Iriondo, Aritz Iza eta Enaitz Ibabe dira Oñatiko taldeetan arituko diren beste gai jartzaile eta epaileak.
Txapelketa lau fasetan jokatuko da eta lehena, eskualdeka izango da. Zein motako fasea antolatu erabaki dute eskualdetako antolatzaile eta taldeetako ordezkariek. Debagoienean Oñatiko hiru taldeekin batera beste bi arituko dira: Antzuolakoa eta Arrasate eta Eskoriatza artekoa. Bosten arteko kanporaketak Bergaran eta Aretxabaletan jokatuko dira, otsailaren 21ean eta 28an, hurrenez hurren, eta finala berriz, Antzuolan, martxoaren 14an. Lehen fase hau, orokorrean, martxoaren 28an amaituko da eta zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bana. Aipagarria da, eskualdekako lehen fase honetan ia 40 bertsolari arituko direla lehen aldiz oholtzan. Bigarren fasean lau saio jokatuko dira, lehena irabazten duten zortzi talderen artean. Erdiak sailkatuko dira final-aurreko saioetara, beste bi saio jokatuz eta finalean bi talde arituko dira, bertso-bazkari formatuan, maiatzaren 30ean, Aiako probalekuan.
Hirugarren aldia da Gipuzkoan Herriarteko taldekako txapelketa jokatzen dela, aurreko biak 1999an eta 2017an izan ziren eta orduan ere Oñatiko hainbat taldek parte hartu zuten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!