Oñatiko udala

Oñatiko fundizio-langile baten heriotza amiantoak eragindako minbizia izan zela ebatzi du Gizarte Segurantzak

2026/01/27
Card image cap
ASVIAMIEren elkarretaratzea
Alargunaren pentsioa handituko du heriotzaren oinarrian laneko gaixotasuna zegoela onartuta

  Manuel B oñatiarra 71 urterekin, 2023an hil zen, biriketako minbizia eta arnas-gutxiegitasun larria zituela. Heriotza fundizioan arnastutako amiantoaren eta ke toxikoen ondorio izan zela onartu du Gizarte Segurantzak. Onraita eta Hijos de Juan de Garay enpresetan fundizioan lan egin zuen Manuelek, minbiziaren arriskuari buruzko informaziorik gabe, arnas-babes egokirik gabe, eta garai hartako lan-legeriak enpresei eskatzen zizkien bestelako prebentzio-neurririk gabe, ASVIAMIEk, Amiantoaren Biktimen Euskadiko elkarteak jakinarazi duenez. Heriotzaren kausa lanbide gaixotasuna izan zela onartu du Gizarte Segurantzak, alargunaren pentsioa zuzendu eta hobekuntza esanguratsua aitortuz.

  OSALANek Manuel hil ondoren, 2024ko azaroan eskatu zuen jasandako lan-baldintzei buruzko ikerketa. Ondoren sartu zuen oñatiarra amiantoaren eraginpean dauden Langileen Fitxategian. Horri esker, Gizarte Segurantzak langilearen heriotzagatiko prestazio ekonomikoak hobetu dizkio alargunari, gaixotasun profesionalak eragindakoa izan zela onartuta. OSALANen arabera, Hijos de Juan de Garay enpresa amianto-inportatzaile gisa agertzen da 1965etik, eta 1993an egindako txosten bat ere badu erakundeak, non frogatzen den amiantoa erabiltzen jarraitzen zutela letoiaren fusio-atalean, amianto-zuntzak zabaltzeko arriskuarekin. Onraita enpresari buruzko informaziorik ez du Osalanek baina, jakina da, fundizio-labeetan amiantoa erabiltzen zela eta lan-baldintzak zikinak, toxikoak, zaratatsuak eta babes-jantzirik gabekoak zirela, Amiantoaren biktimen Euskadiko elkartearen esanetan. Beste behin, enpresek legea ez zutela bete eta amiantoa erabili arren, hartarako erregistroan ez zutela horren berri eman eta langileei osasun zaintza espezifikoa eta biriketako gaixotasunen detekzio goiztiarra ahalbidetzeko legezko jakinerazpenik ez zutela eman salatzen du elkarteak. Era berean, Debagoieneko eta Txagorritxu ospitaleko sendagileek salatu ditu, laneko gaixotasunak ezkutatzen konplize-jokaera dutela leporatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!