Oñatiko Euskal Memoria Taldeak “Euskararen kate hautsiak” ekintza sorta antolatu da datozen asteetarako.

2014/10/14
Card image cap
Egitarauaren baitan, “euskara, añubia eta eguzkigebixa” ikuskizuna izango da urriaren 31an Santa Ana aretoan.

  Euskal Memoria fundazioak, hizkuntza zapalkuntzaren gaia aztertu eta bildu du. Euskarak eta euskal hiztunek azken mendean jasan duten jazarpen eta zapalkuntzaren lekukotasun ezberdinak jaso ditu. Oñatiko taldea, herriko bilketa egiteaz arduratu da.

  Lan mardul hori euskarri ezberdinetan laburbildu da eta horietako zenbait gurean ikusteko aukera izango dugu urria amaiera eta azaro hasierarako antolatu den egitarauaren baitan.

  Urriaren 27tik azaroaren 9ra, “euskara ospeletik eguterara” erakusketa ibiltaria Kultur Etxean jarriko da ikusgai. Leku eta garai ezberdineko lekukotasunak, gertakari eta agiriak batzen dituen erakusketa hau zenbait oñatiarren adierazpenekin osatuko da.

  Urriaren 30ean, Ika-Mizka saio berezia egingo da. World-cafe erako taldekako solasaldi dinamika jarraituz euskararen gainean jardun eta hausnartuko da. Enpresagintza fakultatean goizeko 10etatik ordubatera osatuko den saio honetan parte hartzeko izena eman behar da gaztezulo.com atariaren bitarteaz.

  Hurrengo egunean berriz, hilaren 31an, “Euskera, añubia eta eguzkibegixa” ikuskizun multimedia izango da Santa Ana aretoan. Antzerkia, dantza eta bideoak tartekatuko dira. Beren testigantza ematen duten hainbat lagun ere aretoan bertan izango dira ikuskizunean parte hartzen.

  Foru aldundiak hala aukeratuta, Oñatikoa, “Euskera, añubia eta eguzkibegixa” ikuskizunaren Gipuzkoa mailako emanaldia izango da. Herrialde mailako emanaldi bakarra izango da alegia, Santa Ana aretoan eskainiko dena. Gaueko 10etan hasiko den ikuskizun horretarako sarrerak, 5 euroren truke, salgai daude jada Txokolateixan.

  Egitaraua borobilduz azkenik, Jerardo Elortzak hitzaldia egingo du azaroaren 5ean. “Euskararen gora beherak Oñatiko eskoletan XX. mendean” izango da hitzaldiaren izenburua eta herrian eta irakaskuntzak euskara erabiltzeko borroka gehien egin zuten maisuen gainean arituko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!