Oñatiko Esperientzian Gelaz eta San Lorentzoko irisgarritasun lanez berba egingo da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

Bost puntuko lan zerrenda osatu da arratsaldeko batzarrerako. Udalak Goienagusi elkartearekin duen lankidetza hitzarmena urtebetez, 2026ko maiatzaren 30era arte luzatzea proposatuko zaie gobernu taldeko kideei. Hitzarmen honen babesean Oñatiko Esperientzien Gela proiektua burutzen du Goienagusik gurean. Udalak, berriz, 2.410 euroko dirulaguntza ematen dio. Pasa den astean Santa Ana aretoan hasiera eman zion 2025-2026 ikasturteari Goienagusik eta, besteak beste, Oñatirako hitzartuta dauden hainbat hitzaldiren iragarpena egin zen. Horiek guztiak gauzatzeko Goienagusirekin Udalak duen lankidetza hitzarmena luzatzeari argi berdea emango zaio arratsaldeko bileran.
San Lorentzoko irisgarritasun lanei buruz ere berba egingo da arratsaldean. Auzoko 11. area deritzonean, hau da, San Lorentzoko ermitatik gorako eremuan, irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko kontratua esleitu berri dio Udalak Artzamendi enpresari. Lanak hasi aurretik zuzendaritza kontratatzea dagokio eta horretaz arituko dira gobernu batzordearen bileran. Eta Zubikoa kiroldegiko hainbat guneren argiztatzeaz ere arituko dira batzordeko kideak, gaur. Pilotalekuko harmailetako eskailerak, kontrakantxa eta tabernarako maldaren argiteria LED sistemara aldatzea eta lan horiek egingo dituen enpresa kontratatzea proposatuko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!