Oñatiko emakumeen nahi eta beharrak planoetan marrazteari ekin zaio

2023/06/02
Card image cap
Espazioen proposamen ezberdinak aurkeztu ziren Emakumion Etxia Eraikitzen prozesuaren bileran

  Emakumion Etxia Eraikitzen prozesuan zehaztapenak irudikatzeko puntura iritsi da. Eraikina zertarako nahi den zehaztuta, espazioen erabilera aukera ezberdinak irudikatu ditu Juntura arkitekto taldeak. Horiek aurkeztu eta baloratu ziren asteazkeneko bilera irekian.

  Etxearen erabilera ezberdinetan oinarritutako aukerak azaldu ziren eta zirkulazio eta espazioen egokitasuna baloratu zen. Harrera lekuaz, espazioen balioaniztasunaz, etxeak eskaintzen dituen txoko eta berezitasunak aprobetxatzeaz eta beharren asetze mailaz berba egin zen, besteak beste. Aurkeztutakoaren gainean ekarpenak egin ziren eta horiek ekainaren 21erako prestatuko diren marrazki berrietan islatuko dira.

  Egokitasunak baloratu, lehentasunak finkatu, faltan sumatutakoa eskatu eta oraindik eztabaida sortzen duten hainbat gai identifikatu ziren asteazkeneko bileran. Sorkuntza gune baten beharra, sukaldearen ekipamendua, bi sarrera izateak kudeaketan izan dezaken eragina, teilatupeari eman dakiokeen erabilera edo eragile feministek edo autoantolatutako taldeek materiala uzteko edo euren jarduna gauzatzeko beharko luketen azpiegitura eta kudeaketa modua adosteko daude oraindik.
Asteazkenean entzun eta jasotakoaren arabera, Juntura arkitekto taldeak beste proposamen bat prestatuko du, ekainaren 21ean aurkezteko. Udako etenaren aurreko azken saio irekia Eltziako hirugarren solairuan, 18:00etan egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!