Oñatiko emakume batek jasandako eraso matxista salatuz adierazpena plazaratu dute Udalak eta Sare Feministak
Oñatiko udalak eta Sare Feministak gaitzespen gogorrena adierazi dute aurreko astean gertatutako eraso matxistaren aurrean, eta laguntza osoa eskaini diote erasotutako emakumeari eta bere ingurukoei, halako kasuetarako protokoloak ezartzen duen eran, emakumearen eta bere senideen ongizatea bermatzeko asmoz. Aldi berean, udalak eta Sare Feministak dei egiten diete herritarrei, irakurketa sentsazionalistak eta aurreiritziak baztertu eta halako gertaerek eskatzen duten errespetu eta seriotasunez joka dezaten eskatzeko.
Indarkeria matxista Oñatin ere badela azaltzen da idatzian. Udaleko gizarte zerbitzuetan 49 kasu artatu dira, 2015. urtetik hona, eta 2019an, 13 izan dira guztira. Hala ere, kasuak gehiago direla pentsa liteke, datu horiek udaleko gizarte zerbitzuetatik pasa direnak baitira, esan bezala. Aipatutakoak ez dira kasu isolatuak indarkeria matxista gizartearen arazo estrukturala delako, emakumeen eta gizonen arteko desberdinkerian eta botere harremanetan oinarritzen den gizartea. Ez da pertsonen arteko indarkeria; gizarte osoaren isla baizik, publiko egin den komunikazio idatzian zehazten denez.
Indarkeria matxistarekin amaitzeko, bakoitzari dagozkion erantzukizunak eta ardurak hartuta elkarlanean jarraitu behar dela dio idatziak. Elkarlanean, udalerrian bizi garen guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!