Oñatiko udala

Oñatiko bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa berretsi dute Kutxabankek eta Laboral Kutxak

2025/11/26
Card image cap
Hitzarmena sinatu dute udal ordezkariekin

  Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute UEMAk, Kutxabank-ek, Laboral Kutxak eta Bankoa ABANCAk, 59 udalerri euskaldunetako alkateekin eta ordezkariekin batera. Oñatin aipatu erakundeetako biren bulegoak daude eta bertan euskara lehenetsiko dutenaren konpromisoa berretsi da. 2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena, Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin. Orduan 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. 2021ean, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA batu zen. Egun hitzarmena hirugarrenez berretsita, 59 udalerritan gauzatuko da, tartean Oñatin ere bai. Iñaki Olalde Euskara batzordeburuak ordezkatu du herria aipatu hitzarmenaren sinatze ekitaldian.

  Hitzarmenak zazpi puntu biltzen ditu: Udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira; herriko bulegoetan euskararen presentzia bermatu da bezeroekiko harremanetan; lehen hitza euskaraz egingo da; posta elektroniko bidezko mezuak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, edo ele bietan, baina euskara lehenetsiz; finantza produktuei buruzko informazioa euskaraz emango dute langileek, bezeroek kontrakorik eskatzen ez duten bitartean; txartelak euskaraz konfiguratuko dira; kutxa automatikoetan ere sarrerako mezuak euskaraz agertuko dira eta euskararen erabilera sustatzeko bitartekoak jarriko dira, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!