Oñatiko udala

"Oñatiko altxorrak" gaiaren bueltan osatuko da 2027ko udal egutegia

2026/09/22
Card image cap
Argazki lehiaketa antolatu da, kalendarioa irudiz hornitzeko

  Oñati aberatsa da altxor ezkutu eta agerikoetan, ondare historiko, arkitektoniko, natural eta kultura anitza baitu. Baina altxorraren kontzeptua oso pertsonala eta subjektiboa da eta postal-irudietatik harago doazen argazkiak nahi dira 2027ko udal egutegian agertzeko: ikuspegi originalak, oharkabean pasatzen diren xehetasunak, eguneroko uneak, pertsona bereziak, urtaroen aldaketak edota ezkutuan dauden txokoak.

  2027ko egutegirako argazki lehiaketan Oñatin erroldatutako edonork parte har dezake, adin-mugarik gabe. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak Oñatiko udalerrian ateratakoak eta originalak izan behar dute, aurrez argitaratu gabeak edo beste lehiaketa batean saritu gabeak, alegia. Argazki etzanak, formatu apaisatuan egindakoak hobetsiko dira, egutegiaren formatura egokitzeko. Aurkeztutako argazkien artean 12 aukeratuko dira eta egileei 300 ppp erresoluzioan bidaltzea eskatuko zaie.

  Lanak, posta elektronikoz bidali daitezke honako helbidera: egutegia2027@onati.eus edo udaletxeko HAZ bulegoan utzi daitezke. Argazkiekin batera hainbat datu ematea eskatzen da: parte-hartzailearen izen-deiturak, NANa, telefono-zenbakia, argazkian agertzen den altxorraren deskribapen laburra eta argazkia egutegiko zein hilabetetan kokatuko lukeen. Lanak aurkezteko epea zabalik dago, urriaren 19ra arte.

  Epaimahaiak, besteak beste, honako irizpideak hartuko ditu kontuan: gaia nola islatzen den, originaltasuna eta begirada propioa, adierazkortasuna, egutegirako egokitasuna, eta kalitate teknikoa. Gainera, argazkien banakako kalitateaz gain, kontuan hartuko da hautatutako irudiek egutegiari, multzo gisa, ematen dioten oreka eta aniztasuna ere. Egutegian agertzeko aukeratzen diren 12 argazkietako egile bakoitzak 80 euroko saria jasoko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!