Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Debagoienean
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Arrasaten duen egoitza baliatuta, eskualdeko pazienteei eta senide nahiz herritarrei zuzendutako arreta zerbitzua zabalduko du, hitzaldi eta tailerrak eskainiz. Abendura bitarteko jarduerak iragarri ditu.
Tabakismoa minbizia izateko arrisku faktore garrantzitsua dela jakinik, erretzeari uzteko talde berria martxan jarriko da bihar goizean. Online egingo den tailerra da. Nikotina kontsumitzeko modu berriak azaltzeko online hitzaldiak ere programatu dira, guraso zein irakasleei zuzenduta. Baina aurrez aurreko hitzaldi eta tailerrak ere izango dira elkartearen Arrasateko egoitzan, Pablo Uranga kaleko 6an: minbizia nola artatzen den gaiaren inguruko hitzaldia egingo da irailaren 30ean, eta gaixotasuna gaindituta lanera itzultzeko tailerra egingo da azaroan. Guztiak doako jarduera irekiak dira, elkarteko bazkide izan edo ez. Baina aurrez izena ematea eskatzen da: 943 45 77 22 telefonora deituta edo mezua bidalita gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera. Hirugarren bide bat ere badago, elkartearen webgunean sartuta (https://www.contraelcancer.es/es/gipuzkoa/2026/2)
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak ekainean zabaldu zuen Arrasateko egoitza. Bertan arreta sozial eta psikologikoa eskaintzen zaie paziente zein senitartekoei, material ortopedikoaren mailegua egiten da, erretzeari uzteko terapia eta bestelako jarduerak eskaintzen dira. Arrasateko egoitza goizez irekitzen da, astelehenetik ostiralera, eta bertan aritzen dira gizarte langile bat, psikologo bat eta prebentzio psikologo bat.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!