HAPOaren hasierako onarpen dokumentuari buruzkoak azaldu dira jendaurrean
Hamarnaka herritar bildu dira dokumentuari buruzko jendaurreko saioan, Santa Ana aretoan. Azalpenak ematen udal ordezkariak eta lanaren lanketan diharduten Sabai Arkitektoak eta Araudi enpresetako ordezkariak aritu dira. HAPOak Oñati nolakoa izango den zehaztuko du eta hasierako onarpen dokumentuak orain arte egin diren partaidetza saioetan adostu dena du oinarri, Izaro Elorza alkateak adierazi duenez. Hala herrigune kohesionatu baten alde egitea erabaki zen. Hau da, hurbiltasuna eta zerbitzuetara heltzeko erraztasunak eskainiko dituen ereduaren alde. Hala, etxebizitza berriak herrigunetik gertu dauden lurzoru urbanizagarrietan egitea eta lurzoru ez-urbanizagarriak okupatzea saihestea; ingurumena zaintzea eta lehen sektorearentzat garrantzitsuak izan litezkeen lurrak interes berezikotzat hartzea; iraunkortasuna ardatz, klima larrialdiari aurre egin eta energia berriztagarrien sorkuntzarako azpiegiturak instalatzeko aukerak eskaintzea; eta berdintasun ikuspegi batetik zaintza erraztuko duen herri bat eraikitzea erabaki da. Hortik abiatutako herri eredua da jendaurrean azaldutako planaren oinarria, Sabai Arkitektoakeko kide Luciano Pagaegik esan duenez.
HAPOaren onarpen dokumentua atalka banatzen da, etxebizitzaren alorrean, esaterako, 751 etxebizitza berri aurreikusten ditu planak, horietatik 150 babes ofizialekoak lirateke, eta, 186, tasatuak. Jarduera ekonomikoen atalari dagokionez, ostera, zeuden lur industrialak agortzen hasiak direla ikusita, industriarako lur erreserba sortzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi du Udalak. Espazio libre eta berdeguneei lotuta, bestalde, ibaia berreskuratzea eta balioan jartzea bilatzen du planak; horrek, nabarmen handituko luke aisialdirako eta ingurumen-babeserako espazioa mesedegarri litzateke klima aldaketak eragindako testuinguru berrirako. Landa eremua babestea ere badu helburu planak, hala lehen sektoreari lotutako lurrak eta jarduerak nola paisaia eta natura-balioak. Epe luzeko plan bat lantzea helburu izan dela azaldu du Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruizek.
Hasierako onarpenerako dokumentua jendaurrean dago eta HAPOaren fitxak udalaren webgunean irakur daitezke. Bitartean, HAPOaren inguruko irizpena emango du Aholku Kontseiluak. Gaia Osoko Bilkurara eramango da urtea amaitu aurretik, hasierako onarpena eman diezaioten eta alegazio-epea zabalduko da, ondoren. Legez 45 egunekoa da alegazioetarako gutxieneko epea baina hiru hilabetera luzatzea erabaki du Udalak, herritarrek dokumentua aztertzeko eta ekarpenak egiteko denbora nahikoa izan dezaten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!