Oñatiko 9 establezimendu eta zerbitzu sartu dira Euskadiko Etika Turistikoaren Erregistroan

2022/05/23
Card image cap
Beraien jardueran erantzukizun eta jasangarritasun printzipioak integratzen dituztela adierazten du

  Euskadiko turismoaren kode etikoaren helburua da funtsezko printzipio batzuk ezartzea Euskadiko eragile turistiko guztiek erantzukizuna eta jasangarritasuna integratu ditzaten beren eguneroko jardunean, abiapuntutzat errespetua eta ulermena hartuz.

  Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak 2018ko otsailean onartu zituen Euskal Turismoaren Estrategia 2030 eta Gida Plana eta 2017-2020 Marketin Plana. Bi dokumentu hauek gidatzen dute Eusko Jaurlaritzaren eta Basquetour turismoaren euskal agentziarena turismo politika. Horren baitan kokatzen da Euskadiko turismoaren kode etikoa.

  Kodea prestatzeko orduan nazioarteko estandarrak hartu ziren kontuan, besteak beste, Turismoaren Mundu Erakundearen munduko kode etikoa, eta hainbat eragile turistikoengandik jasotako informazioa. 2021ean gaia lantzen eta euren eguneroko jardunean txertatzen hasi diren EAEko hainbat entitate eta egindako lanketaren errekonozimendu eta sari gisa Euskadiko etika turistikoaren erregistroan ofizialki sartu dira. Debagoeienean, 21 establezimendu eta turismo zerbitzu sartu dira aipatu erregistroan, eta azpimarratzekoa da, 9, Oñatin daudela.

  Arregi nekazalturismoa, Goiko-Benta ostatua, Zumeltzegi Dorrea hotela eta Arantzazuko aterpetxea sartu dira erregistroan, baina baita Arantzazuko parketxea, Arrikrutz-Oñatiko Kobak, Txokolateixia, turismo bulegoa eta Arantzazun dagoen Debagoieneko turismo bulegoa. Herriko ostalaritza eta turismo zerbitzuek etengabeko formazio eta hobekuntzaren alde egindako apustuaren erakusle berria da etika turistikoaren erregistroan sartu izana.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!