Oñatiko 11 odol-emailek elkartearen esker ona eta agiria jasoko dute ostiralean

2022/11/09
Card image cap
Bi lagunek odola 100 aldiz eman dute

  Odola hainbat aldiz eman dutenei eskainitako eskertze eta aitortza errekonozimenduak herririk herri egiten jarraitzen dute, iaz hasitako bideari eutsiz. Ostiraleko odol-ateraldiaren hitzordua probestuko da Oñatiko 11 laguni eskerrak emateko.

  Odola zenbat aldiz eman denaren arabera, zilar, urre eta Emaile Nagusien agiriak banatuko dituzte ostiral arratsaldean. Oñatin, guztira, 11 odol-emaile omenduko dira. Bostek 25 aldiz eman dute odola, batek 50 aldiz, hiruk 75 aldiz eta bik berriz, 100 aldiz. Erakutsitako fideltasun eta eskuzabaltasunari esker ona adierazi eta agiria emango zaie ostiralean, 18:30etan, Enpresagintza fakultatean.

  Odola aldian behin ematen jarraitzea garrantzitsua da, beharra, egunero dagoelako. Euskadin, egunean, 300 bat odol poltsa behar dira. Eta zailtasunak zailtasun, gutxieneko erreserba mantentzea lortzen da herririk herri egiten diren odol-ateraldietara doazen emaileei esker. Euskadin biztanleen %3ak odola ematen du eta Gipuzkoan, adibidez, 30.000 odol-donazio lortzen dira, urtean. Odol-emaileen fideltasuna txalotzekoa da. Gure artean badago odol-emaile izan beharraren kontzientzia eta datuen arabera, 25 urtetik beherako gazteen %8-10ak odola ematen du, nahiz eta, 25-35 urte tartean beherakada bat ematen den. Odol-emaileen bataz besteko adina 45-48 urte da, baina gora doa eta gaztetu beharra azpimarratzen dute odol-emaileen batzordeetatik.

  18 eta 65 urte arteko edonor izan daiteke odol-emaile, 50 kilo baino gehiago pisatzen baditu, eta osasuntsu badago. Alde horretatik, azken 28 egunetan Covid-19aren sintomarik izan ez duenak eman dezake odola. Oñatin, hurrengo emanaldia ostiralean izango da, 16:30-20:30tara Enpresagintza fakultatean. Bertaratzeko gonbidapen mezuak egun hauetan zehar helaraziko zaizkie herriko odol-emaileei. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!