Material bilketa egiten hasi dira, udan etorriko diren haur sahararrentzat

Oporrak bakean egitasmoaren baitan zazpi haur saharar etorriko dira Debagoienera, uztaila eta abuztua bertako familiekin pasatzera. Oñatin bost neska-mutiko egongo dira eta Bergara eta Aretxabaletan beste bana. Guztiek arropa eta bestelako materiala beharko dute, kirola eta bidaiak egiteko. Horregatik, material bilketa berezia burutuko da aste honetan gurean, gaur hasi eta ostiralera bitartean.
8-12 urte arteko haurrentzat uda zein neguko arropa eta oinetakoak, bizikletak, patineteak, kaskoak, baloiak, tenis-erraketak, uretarako flotagailuak eta besoko edo mangitoak eta kotxeko aulki eta jasogailuak eskuratu nahi dira. Materiala Zubikoa kiroldegian edo kanpainara batu diren lehen hezkuntzako herriko hiru ikastetxeetan utzi daiteke: Urgain herri eskolan, Txantxiku ikastolan eta Elkar Hezi ikastetxean.
Uda eta neguko arropa eta oinetakoak eskatzen dira, etxera itzulitakoan, errefuxiatuen kanpamenduetara, haurrek eraman dezaten. Helburua, etxean haur sahararrak hartuko dituzten familiei laguntzea da, bi hilabeterako bakarrik beharko duten materiala eskuratuz, eta, bide batez, haurrak janzteko beharren gastuak arintzea. Debagoienara etorriko diren haurren beharren gaineko materiala batzen bada, beste herri batzuetara datozenen artean banatuko da.
Oporrak bakean egitasmoan parte hartzen duten Oñatiko familiek azken urteetan egin izan duten material bilketa da astean, maiatzaren 5etik 9ra egiten hasi direna. Haurren bidaia gastuetarako, berriz, Udalaren dirulaguntza eskatu ohi da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!