Oñatiko udala

Oñatik partaidetza zabala izango du Beskoitzeko Euskararen Egunean, urriaren 10ean

2026/09/16
Card image cap
Oñatz, Aloña Mendiko pilotariak eta Udaleko ordezkariak gonbidatu dira

  Aspaldi hasi zen Oñati eta Beskoitze herrien arteko harremana. Beskoitzeko ikastola eta Txantxiku ikastola izan ziren lehen eragileak, 2019an, Manex Pagolari egindako omenaldiaren harira, eta geroztik beste hainbat proiektu gauzatu dira, euskara oinarri hartuta. Aurten ere izango da harreman horretan sakontzeko aukerarik, urriaren 10ean Beskoitzen ospatuko den Euskararen Egunean parte hartuz. Oñatz dantza taldeko eta Aloña Mendiko pilota saileko ordezkariek zuzenean parte hartuko dute bazkalosteko dantza eta pilota saioetan, eta goizean Herriko Etxean egingo den harreran ekitaldian ere Oñatiko udal hautetsi batzuk izango dira.

  Gainontzeko herritarrok ere bertaratu eta parte hartzeko aukera izan dezagun, joan-etorrirako autobusa antolatu du Txantxiku ikastolak. Izena ikastolan bertan eman daiteke edo sare sozialen bidez ere bai. Lehenbailehen egitea komeni da, izena emateko azken eguna domeka, irailaren 20a izango baita.

  Beskoitzeko Euskararen Eguneko ekintzak goizeko 11:00etan hasiko dira, haur eta helduentzako tailerrekin, ondoren, zintzur bustitze alaitua eta herri bazkaria izango da, eta bazkalostean, esan bezala, pilota partidak eta euskal dantzak 19:00ak arte. Beskoitzeko plana asteburura zabaltzeko aukera ere izango da Ahurtiko La Ferme des 4 Chenes kanpinean ostatu hartuta eta igandean, Beskoitzen barrena bisita gidatua egin edo mendi irteeran parte hartuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!