Oñatiko udala

Hasi dira barrakak iristen

2026/09/16
Card image cap
Kaseta eta atrakzio ezberdinak plaza ondoko jolasgunean muntatzen ari dira eta ostiralean jarriko dituzte martxan

  San Migel eta Errosarixo jaietan egongo diren ferialariekin zuzenean negoziatu du Udalak. Herritarren eskaerak, adin ezberdinetarako eskaintzen arteko oreka, barietatea eta lanak egin ondoren murritzagoa den gunearen eta aparagailuen neurriak kontutan hartu dira hiru aste hauetan Oñatin izango diren feria-jolasak hitzartzeko; txurreria, lau kaseta eta 7 barraka edo aparatu mekaniko izango dira. Guztiei fidantza bat kobratuko zaie berritu den plaza ondoko eremuan, lur zoruan edota altzarietan, gerta litezkeen kalteak estaltzeko. Zoru publikoa okupatzeagatik eta hartzen dituzten metro karratuen araberako udal tasa ordaindu beharko dute. Iazko prezioak mantendu dira eta txartelen prezioa iazkoaren pare izango da: 2,50 euro.

  Baina beste hainbat puntu ere adostu dituzte Kulturako ordezkariek ferialariekin: txartelak merkatuko diren egunak, bidaien iraupena, idatzizko eta audio mezuen hizkuntza eta abar. Gutxienez bi minutu eta erdi iraun beharko du bidaiak eta 5 bidaietako bonoa 10 eurotan eskuratu ahal izango da. Irailaren 18 eta 25ean eta urriaren 1ean, txartelak euro bat merkatuko dira. Era berean, barraketako argiak eta soinu ekipoak bi orduz itzaliko dira jaixetako domeketan, irailaren 27an eta urriaren 4an, aniztasun funtzionala duten haurrak gogoan. Halako estimulu biziek traba egin eta oso urduri jartzen dituzte. Bi orduko etenaren bitartez gizartea sentsibilizatu nahi da.

  Barrakak plaza ondoko jolaslekuan dauden bitartean, ferialarien karabana eta atoiak Garagaltza auzoko ULMA alboko aparkaleku publikoan utzi beharko dira.

  Gogoan hartu, bestalde, barrakak plaza ondoan dauden bitartean ehunkien azoka Errementari plazan egingo dela. Datozen bi larunbatetan izango da aldaketa, irailaren 19 eta 26an, Herri Egunean ez baita ohiko azokarik egiten, ez arropa eta osagarriena ezta berdura eta frutarena ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!