Gaztelekuko sotoko egitura gogortzeko lanak egiten ari dira
Ugarte enpresa ari da Gaztelekuko egitura gogortzeko lanak egiten, iraila hasieratik. Eraikuntza enpresa izan zen Udalak deitutako lizitaziora aurkeztu zen bakarra eta finkatutako baldintzak betetzen zituela egiaztatu ondoren lanak esleitu zitzaizkion. Aurrez ere Ugarteko langileak arituak dira Gaztelekuko sotoan, egituraren egonkortasuna bermatzeko, sotoko hormigoizko egitura eskoratu baitzuten udaberrian. Lan horiek urgentziaz egin ziren eta gerora, Javier Eskubi-Giltzarri arkitektura enpresari proiektua eskatu zitzaion. Horren araberako lanak egiten hasi dira.
Sotoko sabaiaren hormigoi armatuzko egitura konponduko da eta sendotze lanak egingo dira, sostengu-ahalmen handiko murrizketak dituzten elementu jakin batzuetan. Hala, habeak konpontzeko dagoen morteroa kendu eta berriz jarriko da, esposizio-motetarako eta suarekiko erresistentziarako beharrezko estaldurak lortzeko; herdoilduta dauden habeak eta lauzak, edo obran detektatzen diren beste elementu batzuk, konponduko dira, hormigoia saneatuz, armaduretatik herdoila kenduz eta geometriak konponketa-mortero bidez berreskuratuz; eta habeak indartzeko, armadura berria jarriko da beheko aldean kaltetutako habeetan.
Iraila hastearekin batera abiatu ziren egitura egonkortzeko lanok bi hilabete eta erdian egitea aurreikusten da, urte bukaerarako amaituta izango dira. Baina sotoko espazioaren berrantolaketa eta hornidura etorriko da ondoren. 0 eta 7 urte arteko haurrei eta guraso edo zaintzaileei zuzenduta dago sotoa eta adinaren arabera berezitutako gune ezberdinak eskaini ditu orain arte. Aurrerantzean ere hala izango da baina guneak beste modu batean antolatu eta hornituko dira. Ugarte enpresak Udalak finkatutako exekuzio epea bi astetan laburtu du eta baina aurrekontua apenas murriztu duen, egin eta onartutako proposamenak 41 euroko aurrezpena bait dakar. Lanak, 68.321 eurotan egingo dira.
Gaztelekuko sotoko egitura egonkortzeko lanak ez dute eraikinean kokatzen diren gainerako zerbitzuen funtzionamenduan eragin. Sotoa itxita dago baina Kuboa eta Topagunea ohiko martxan eta ordutegian zabaltzen dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!