Oñatiko udala

Oñatik biztanleak galtzen jarraitzen du

2026/02/04
Card image cap
Urtarrilaren 1eko dataz 11.517 lagun zeuden Oñatin erroldatuta, aurreko urtean baino 10 gutxiago

  Errolda datuak berritzeaz arduratzen den udal zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira. Ez dira datu ofizialak, horiek Instituto Nacional de Estadísticak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira eta beti ez dira guztiz zuzenak; 2025eko urtarrilaren 1eko errolda datua abenduko Osoko Bilkuran jakinarazi zen baina emandakoa eguneratu gabeko datua zen, Udalak egindako zuzenketa batzuk ez zirelako kontutan hartu. Edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen, bereziki, beste herri batera bizitzera joan direnen erroldatze jakinarazpenak asteetan atzeratu daitezkeelako.

  2025en 72 haur jaioberri erroldatu ziren Oñatin. Jaiotakoen kopurua 100 haur baino gehiago izan zen urteetan gurean  baina 2016tik ez da kopuru hori lortu. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2025ean zehar Oñatin erroldatuta zeuden 106 lagun hil ziren. Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea negatiboa izan zen iaz eta jaio baino 34 hildako gehiago izan ziren. Hala ere, 2026a 10 biztanle gutxiagorekin hasi dugu, horrek esanahi du, kanpotik gurera bizitzera jende berria etorri dela, 24 lagun, hain zuzen.

  Oñatik biztanleak galtzen jarraitzen du, azken urteetako datuei erreparatuta. Pandemiaren ondorengo urtean, 2021ean, galera garrantzitsua izan zen, 69 biztanle gutxiago erregistratu zirelako, baina hurrengo bi urteetan egoera irauli zen. 2023tik hona ordea, galera errepikatuaz doa urtetik urtera, eta orain hiru urte baino 50 biztanle gutxiago zeuden herrian 2026ko urtarrilaren 1eko dataz. Konketuki, urte hasieran Oñatin erroldatutakoak 11.517 ziren. Horietatik 5.803 emakumeak ziren eta 5.714 gizakumeak.

  Azaldutakoak ez dira datu ofizialak, esan bezala. Horiek INEk ematen ditu baina 2026ko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!