Oñatik aurreikusitakoa baino 549 mila euro gehiago jasoko ditu Udal Finantzaketarako Foru Funtsatik
Gipuzkoako ekonomia sendotasunez erantzuten ari zaio ezegonkortasun globalari esan du Eider Mendozak Batzar Nagusietan, iazko diru bilketaren berri eman duenean. Ahaldun Nagusiak azpimarratu du diru bilketari buruzko datu onei esker Gipuzkoak 2026an politika eta proiektu berriak garatzen jarraitu ahal izango duela, enpresen lehiakortasuna babesteko eta etorkizuneko industria sektoreak garatzea ahalbidetuko duten apustu berriak egiteko, baita gizarte politikak eta etorkizuneko zaintza bermatuko dituzten inbertsio berriak bultzatzeko ere.
Urrian, foru funtsen aurrelikidazioan jada iragarri zen Gipuzkoako udalek urte hasieran espero baino diru gehiago jasoko zutela eta hala baieztatu da otsaileko likidazioan. Oñatira etorrita, 449.315 euro gehiago jasoko ditu Udalak iazko foru fondoetatik, guztira, 10.841.343 euro. Gipuzkoako udalerriek Foru Funtsetik eta 2025eko jardunari dagokionean, 702 milioi euro jasoko dute, 700 milioitako langa lehen aldiz gaindituta, Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu duenez. Gogoratu behar dugu, iaz, agindutakoa baino gutxiago jaso zutela, epai bat tarteko, errenta aitorpenean zuzenketak eta dirua itzuli behar izan zielako 1979a baino lehen mutuetan kotizatu zutenei.
2025eko likidazioa positiboa izan da berriro, Udalek urte hasieran agindu zitzaiena baino diru gehiago jasoko dutelarik, esan bezala. Oñatiko Udalari dagozkion kasik 450 mila euro extra horiek, orain, otsaileko ordainketarekin batera helaraziko zaizkio. Oñatiko Udalak 11.030.450 jasoko ditu aurten Foru Funtsen kontzeptuan. Dirua lau zatitan ordaintzen da, otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan. Gipuzkoako Udalek guztira, 720.125.428 euro jasoko dituzte aurten, inoizko kopururik altuena.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!