Oñatik aurreikusitakoa baino 314 mila euro gehiago jaso ditzake Foru Funtsetatik

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zerga bilketa %9,4 haztea espero da aurten. Kontuan hartu behar da 2024ko datuetan eragin negatiboa izan zuela mutualisten inguruko ebazpenak, bai Foru Aldundiaren diru kutxan eta baita udaletara bideratzen den Foru Funtsan ere. 2025ean, ordea, ez da aldagai hori izan eta ekonomiaren dinamismo onak posible egin du Gipuzkoako diru-bilketa hasierako aurreikuspenen goitik egotea. Urtea ixterako lurraldean 6.638 milioi euro biltzea espero da. Horrek, udalen finantzaketarako funtsean eragingo du, aurtengo likidazioan eta 2026ko aurrekontuetan. Udalen Finantzaketarako Foru Fondotik urte hasieran agindutakoa baino 20 milioi euro gehiago bideratzea aurreikusi da astean egin den behin behineko likidazioan. Behin betiko likidazioa otsailean izango da, eta gora behera batzuk egon litezke baina, printzipioz, udalek diru gehiago jasoko dutela pentsatzen da.
2000. urteaz geroztik Gipuzkoako zerga bilketa % 156 handitu da eta urteroko hazkunde jarraituak bi alditan eten dira, 2008-2009 epealdian, garai hartan izandako atzeraldi handiaren ondorioz, eta 2020an, pandemiaren ondorioz. 2020ko Foru Funtsen likidazioan, Oñatik aurreikusitakoa baino 834.509 euro gutxiago jaso zituen. Orain egin den aurre likidazioaren arabera 314.398 euro gehiago jasoko lituzke, agindutakoa baino % 3 gehiago. Baina esan bezala, behin betiko datuak, otsailean ezagutuko dira.
Foru Fondoen 2026ko lehen ordainketa otsailean bideratuko du Diputazioak baina Gipuzkoako udalek jada badakite datorren urtean 720.125.428 euro banatuko zaizkiela, Foru Funtsen kontzeptuan. Inoizko kopururik altuena. Biztanleen eta beste aldagai batzuen arabera egiten da diru horren banaketa. Oñatiko Udalak 11.030.450 jasoko ditu. Garrantzitsua da Foru Funtsetik iristen den dirua, udal aurrekontuaren zati handi bat betetzen baitu.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!