EAJk positibotzat jo du Debagoieneko Mankomunitatearen birziklatze kanpaina berria baina "herritarrak ez engainatzeko" eskatu du
Astean aurkeztu du Debagoieneko Mankomunitateak Ondo bereiztu eta hirukoa saskiratu hiri-hondakinak hobeto eta gehiago bereiztearen aldeko kanpaina berria. Horren harira, prentsa-oharra zabaldu du EAJk, kanpaina positiboki baloratuz baina herritarrak ez engainatzeko eskatuz. Eskualdean dauden bi batze-sistemen kostuak eta birziklatze tasak argi azaldu eta bilketa sistemen inguruan erabakitzeko prozesua irekitzea eskatzen dute jeltzaleek. Eskaera ez da berria, abenduaren 18an zabaldutako beste prentsa-ohar batean Oñati eta Antzuolako atez-atekoak eskualdeko gainontzeko herritarren hondakin tasa garestitzen duela salatu zuen Debagoieneko EAJk eta eztabaida lasaia eta herritarren kontsulta irekitzea eskatu zuen.
Oraingo oharrean diote, birziklatzea hondakinen bilketaren giltzarria dela eta zehazten dute, birziklatze tasak hobetzeko kontzientziazio kanpaina bat egitea aspaldi eskatu ziotela Mankomunitateari. Horregatik, positiboki baloratu dute aurkeztu berri den kanpaina baina berandu datorrela uste dute. Urrats bat haratago eman eta bilketa ereduari buruzko benetako eztabaida irekitzea eskatzen dute. Edukiontzi adimendunen sistema ekonomikoago eta jasangarriagoa dela diote jeltzaleek idatzian; Oñatin eta Antzuolan atez ateko sistemaren urteko kostua 109,57 eurokoa da pertsonako eta Debagoieneko gainerako udalerrietan, 49,28 eurokoa EAJren prentsa-oharraren arabera. Birziklapenaren kalitatea sistema motaren eta herritarren inplikazioaren menpe dagoela ere adierazten dute jeltzaleek eta Beasainen, edukiontzien sistema erabiliz, %78ko birziklapen tasa lortzen dutela zehazten dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!