Argitaratu da unibertsitatean Turismo bulegoa eratzeko lanen esleipen- iragarkia
Herenegun adierazi genizuen Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze proiektuaren bigarren fasea esleitzeko prozesuari ekitea onartu zuela Diputatuen Kontseiluak, baina horren berri ematen duen iragarkia atzo arratsaldean argitaratu zen Foru Aldundiaren web atarian, enpresen eskaintzak jasotzeko epea irekiz. Espedientearen tramitazioa urgentziaz egitea erabaki da eta horrek proposamenak aurkezteko epea 15 egunetara mugatzen du, hau da, otsailaren 13ra arte.
Gogoratu Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze-proiektuaren bigarren fase honek hiru eskuhartze nagusi aurreikusten dituela: turismo-bulego berria izango dena, larrialdietarako eskailera berria eta igogailua. Turismo bulegoa eraikinaren sarrera nagusitik ezkerretara, IVAPen bulegoak zeuden espazioan egokituko da. Harrera gunea, bulegoa eta biltegia eratuko dira. Espazioak egun duen maila berdinduko da, eremu irisgarria sortuz. Izan ere, bigarren fase honen helburua ere bada unibertsitatearen eraikinak egun dituen irisgarritasun eta segurtasun gabeziak hobetzea. Hala, igogailua jarriko da, eraikinaren ezkerraldeko dorrearen barruan, turismo bulego berriaren atzealdean, eta larrialdietarako eskailera berri bat ere prestatuko da. Era berean, larrialdi-irteera berriak egokituko dira, eta aireztapen eta klimatizazio-beharrei erantzuteko instalazioetarako espazioa egokituko da.
Lizitaziora atera berri diren lan hauen aurrekontua 1.008.060,57 euro da eta obrak egiteko sei hilabeteko epea finkatu da. Lanak esleitzeko irizpide nagusia prezioa izango da, puntuazioaren %45a, baina birgaitze lanen txosten teknikoa eta hondakinen ingurumen kudeaketa, exekuzio epea laburtzea, berme epea luzatzea eta genero berdintasunerako neurriak ere kontutan hartuko dira. Lanak ahalik eta azkarren hasi nahi dira baina halako tramitazioek eskatzen dituzten epeak gogoan, hartuta, oso goiz jota, martxoan hasiko dira. Bigarren faseko lan hauek dagoeneko egiten ari diren unibertsitateko kanpoko fatxadak, klaustroa eta eraikinaren estalkia zaharberritzeko lanekin batera egingo dira. Guztia udazkenean amaitzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!