Oñati ikerketa paleo-arkeologikoan erreferentziazko leku bihurtzeko erronkaz hasi dira “Oñatiko unibertsitatea” topaketak

2022/05/26
Card image cap
Estatuko hainbat unibertsitateko 32 ikertzaile bildu dira

  Harrizko lehengaiak Pirinioetako historiaurrean gaia jorratzen hasi ziren atzo Sancti Spiritus unibertsitatean, bihar eguerdira arte luzatuko diren arkeotopaketetan. Inaugurazio ekitaldian Izaro Elorza alkateak eta Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasle eta topaketen antolakuntza taldeko ordezkariak berba egin zuten eta biek, Oñati ikerketa paleo-arkeologikoan erreferentziako leku bihurtzeko desioa eta erronka aipatu zuten.

  Izaro Elorzak gogoratu zuen Oñatiko unibertsitatea arkeotopaketa hauen jatorria Udalak eta EHUko historiaurreko ikerketa taldeak izenpetuta duten lankidetza hitzarmenaren baitan dagoela eta bi eguneko topaketa hauek probestera animatu zituen partaideak, bertan landuko den ezagutza denon onerako izango dela azpimarratuz, ikerketa mailan egiten denari gizarte mailako zabalpena egitea aurreikusten baitu aipatu lankidetza hitzarmenak.

  Zentzu berean berba egin zuen Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasle eta topaguneen antolatzaile taldeko oñatiarrak, Oñatiko unibertsitatea izena daramaten topaketei etorkizun luzea desiratuz.

  Atzo hasi eta bihar eguerdira arte luzatuko diren topaketa hauen bidez Pirinioetako ingurunea aztertzen duten ikerketa taldeen arteko sare-lana sustatu nahi da. Oraingo aztergaia Pirinioen eta penintsularen iparraldeko historiaurreko harrizko lehengaiak dira, baina udazkenean egin asmo diren bigarren topaketetarako oso bestelako gaia iragarri zuen Alvaro Arrizabalaga antolatzaileak atzo, bestelako xehetasunik eman ez zuen arren.

  Gaur arratsaldean unibertsitateko areto nagusia utzita Arrikrutzeko koba bisitatzeko aukera emango zaie partaideei eta topaketak bihar amaituko dira, XXI. mendeko litotekei buruzko mahai-inguruaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!